2014ko Errenta Aitorpen kanpaina abian da astelehenaz geroztik. Ostegun honetatik, zabalik dago errenta mekanizaturako txanda eskatzeko epea. Bestalde, autolikidazio proposamenak jaso dituzuenok, apirilaren 13 honetatik ekainaren 25era arteko tartea duzue, jasotako proposamena onartzeko.
Aurrez halere zergadun bakoitzak, autolikidazio proposamena jasoko duen edo ez jakin dezake. Kontsultak egiteko, sartu gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta atarian. Erantzuna baiezkoa bada, hau da, autolikidazio proposamena jasoko duela ikusten duenak, autolikidazio proposamenaren edukia ikusteko aukera du bertan.
Epeak
Honatx Errenta Aitorpena egiteko, finkatu diren datak:
-Apirilak 13-ekainak 25: autolikidazio proposamenak onartzeko epea.
-Apirilak 16-ekainak 5: errenta mekanizaturako txanda eskatzeko epea.
-Apirilak 17-ekainak 25: aitorpenak modalitate mekanizatuan eta Internet bidez aurkezteko epea.
Informazio gehiago:
902 100 040
Lehiaketa
Buruntzaldeko udalek errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita luzatzen diete herritarrei. Errenta Aitorpena egiteko garaia heldu den honetan, Facebook bidez bideratuko duten lehiaketa antolatu dute. "Iaz bezala, Errenta Aitorpenarekin lotutako hainbat hitzen esanahia asmatu beharko da. Gainera aurten errazagoa izango da, hitz hauen esanahia non topa daitekeen ere esango baitugu", iragarri dute antolatzaileek. Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago, maiatzaren 14ra arte. Irabazleak 2 lagunentzako otordua irabaziko du sagardotegian. Asmatzailearen izena, maiatzaren 15ean emango dute ezagutzera. "Animatu eta parte hartu!", Buruntzaldeko udalen gonbita. Sartu Facebooken, "Buruntzaldea Euskaraz" orrialdean. Bertan dituzue argibide guztiak.
Errenta Aitorpen kanpainari buruz, Buruntzaldeko udalek eskuragarri jarri duten informazio guztia, helbide honetan duzue:
http://euskara.buruntzaldea.eus/euskara/egitasmoak/errenta-aitorpena