Zubietako Herri Batzar berria osatzeko hauteskundeak baita, maiatzaren 24an

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 16a, 12:01

Udal eta foru hauteskundeekin batera, datozen lau urteotarako Zubietako Herri Batzar berria osatzeko bozka eguna izango da baita, datorren maiatzaren 24a. Ostegun honetan egin dute hauteskundeetarako deialdi bateratua, Donostia eta Usurbilgo alkateek.

Udalerri bakoitzeko hiruna ordezkari hautatuko dituzte zubietarrek. "Zubietako Auzo Batzarreko 6 kide hautatuko dira: 3 donostiarrak eta beste 3ak usurbildarrak, guztiak Zubietan helbideratuak", Usurbilgo Udaletik ohar bidez gogorarazi dutenez.

Honatx luze eta zabalago, hauteskunde deialdi honen harira Usurbilgo Udaletik zabaldu duten informazioa:

Zer hautatzen da?

Zubietako Auzo Batzarreko 6 kide hautatuko dira: 3 donostiarrak eta beste 3ak usurbildarrak, guztiak Zubietan helbideratuak.

Zeintzuk dira batzarraren funtzioak?

1. Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.

2. Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.

3. Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.

4. Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.

5. Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.

6. Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.

Zein aurkez daiteke?

Edozein hautesle izan daiteke hautagai, zein bere aldean. Hautagai izateko beren nahia idatziz jakinarazi behar diote dagokion Udalari, eta horretarako apirilaren 28tik maiatzaren 5era arteko epea izango dute.

Nolakoa izango da botu-txartela eta nola gauzatuko da bozketa?

Udal bakoitzak botu-txartel bakarra argitaratuko du. Botu-txartelak aldarrikatutako hautagai guztien zerrenda jasoko du eta hautesleak nahiago dituen bi hautagaiak X batez nabarmenduko ditu. Hautesleek gehien aukeratutako hiru hautagaiak izango dira batzarkide.

Noiz eta non izango da bozketa?

Bozketa maiatzaren 24an izango da, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Alamandegin.