Bilguneko kideei omenaldia, bazkaria, erakusketa, jolasak... Ziortzaren 30. urtemugako ospakizun astean murgiltzear gara. Ziortzako begirale taldeak, antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak.
Inkesta, begirale taldeari
1-Nolatan erabaki zenuen Ziortzara gerturatzea?
2-Begirale belaunaldi berria zarete. Nola bizi izan duzue erreleboa?
3-Huts egin behar ez dugun urtemugako ospakizuna.
Beñat Arruti eta Ander Izeta
1-Beñat: Ziortzaren etenaldiaren osteko lehen belaunaldikoak gara. 18 gaztetxo hasi ginen. Urteetan gu izan ginen zaharrenak DBH-n. Kanpaldira joaten hasi eta Ziortzara lotzen segi genuen. Sukaldari-laguntzaile bezala hasi ginen Batxilergoan eta hasieratik nahi genuen moduan, 18 urterekin begirale lanetan.
Ander: gurasoak Ziortzan ibilitakoak ziren. Txikitan, arreba eta biok kanpaldira eraman izan gintuzten. Ziortzari berriz heltzea erabaki zitzaionean, parte hartzeko deitu ziguten. Etxetik ere animatu ziguten. Oso gustura gabiltza.
2-Ander: orain errelebo prozesua naturalagoa da, guri egokitu zitzaiguna baino. Lehen ez zen sartzen begiralerik, ez zegoelako. Orain lanketa egiten da 17 urteko gazteekin.
3-Ander: Omenaldira eta argazki proiekziora etorri, garai zaharrak oroitu eta Ziortzaren historiaren berri izateko.
Beñat: Bazkarira animatzen dut jendea. Tartean, gurasoak. Ziortzaren zati handi bat dira. Euren laguntza eta babesa ezinbestekoak izan dira urteotan, kanpaldian adibidez.
Zuriñe Lasarte
1- DBH 1ean nengoela gerturatu nintzen Ziortzara. Familiatik Ziortzaren eta kanpaldiaren berri banuen eta probatzeko gogoa nuen. Ia gela osoa etortzen hasi ginen. Ordutik urtero joan izan naiz kanpaldira. Gaztetxo bezala lehenik, sukaldari-laguntzaile bezala gero eta begirale moduan egun.
2-Batxilergoa bukatu genuenean, begirale taldean sartzeko aukera eskaini ziguten. 4 lagunek baietz esan genuen eta hemen gaude. Hortik begirale ikastaroa egitera animatu ginen. Oso gustura gaude.
3-Gazteak gonbidatu apirilaren 26ko egunera, denon artean jolas ezberdinak egingo ditugu. Ondo pasako dute. Animatu!
Haira Rivero eta Miren Izeta
1-Haira: 20tik gora lagun etortzen hasi ginen. Kanpamenduan sukaldari-laguntzaile bezala aritu nintzen duela bi urte eta aurten begirale lanetan hasi gara. Neure buruaz zerbait ikasi dut; ez nintzen haur edo gazteekin lanean ikusten. Baina gustura aritzen naizela jabetu naiz.
Miren: LH6an kanpamendura joaten hasi ginen. Eta urteko saioetara. Oso ondo pasatzen genuen, konfiantza handia hartu genuen gure artean eta begiraleekin.
2-Haira: nahiko erraza izan zen erreleboa. Begirale ikastaroan murgildu gara eta oso funtzionala izan da dena. Iaz begirale gutxi ginen, baina aurten sei sartuta, indartzen ari da Ziortza.
3-Miren: ez da bazkari soil bat izango. Elkarrekin hitz egiteko aukera egongo da, musika... Herri bazkari modukoa izango da.
Urtemugako ospakizunak
Apirilak 18, larunbata
12:00 Argazki proiekzioa eta omenaldia Sutegin. “Izan garelako gara. Ezerezetik proiektu honi heltzea bururatu eta gerora, garai zailetan berriz ere indarra hartzen lan egin zutenei merezitako eskertza eta omenaldia. Eta garai zaharrak gogoratzeko argazki proiekzioa”.
Ondoren, erakusketaren irekiera, Sutegiko aretoan. “Ziortzaren historiari loturiko erakusketa. Argazki bilduma eta urteotan antolatu ditugun ekimenak oroitaraziko dizkiguten hainbat objektu”.
13:00 Trikipoteoa .
14:30 Bazkaria Udarregi Ikastolako jangelan. “Belaunaldi ezberdinen arteko bilkura izan nahi du. 30 urteetan Ziortzatik igaro garen guztiok biltzea nahi genuke. Elkar ezagutu eta esperientziak partekatzeko aukera polita”.
Txartelak apirilaren 15era arte salgai: Bordatxon, Aitzagan eta Apaiz-etxean. Menuak:
-Helduen menua: itsaski-paella, biribilkia saltsan eta pantxineta. Prezioa: 20 euro.
-Gazteen menua: makarroiak, oilaskoa eta txokolate tarta. Prezioa: 12 euro.
Apirilak 19 , igandea
12:00 Parrokiako talde guztien eukaristia.
Apirilak 18-26
17:00-19:00 Erakusketa, Sutegiko aretoan. (apirilaren 25ean, III. Dantza Egunean itxita).
Apirilak 26 , igandea
10:00 LH 5etik DBH4ra arteko gaztetxo ororentzako jolasak frontoian .
14:00 Bazkaria (norberak berea ekarri, eta edaria eta postrea Ziortzaren kontura) .
15:30 Jolasen jarraipena .
18:00 Dantzaldia Askatasuna plazan.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.
Ziortzaren materiala salgai
30.urteurreneko kamiseta, jertse, motxilak eta buff-ak jarri dituzte salgai. Eskaerak egiteko idatzi ziortzage@gmail.com helbidera edo bisitatu ziortzage.wordpress.com. Bestela, Sutegiko erakusketa lekuan eskuragarri, apirilaren 18tik 26ra.