"Persepolis" proiektatuko du Matrakak Taldeak, igandean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 17a, 23:00

Begirada kritiko eta zorrotz batekin begiratu zion haur, nerabe eta gazte zenean Marjane Satrapik (Teheran, Iran, 1969) bere inguruari. Irani. Aldatzen ari zen herrialdeari. Ikusitakoarekin eta inguruko bizimoduari jarrera kritikoa erakutsiz komiki bilduma bat osatu zuen Satrapik. Persepolis. Bertan, azken 30 urteetan Iranen bizitakoak jaso zituen lau liburutan. Komikiko tirak eszena eta plano bilakatu ziren ondoren. Matrakak taldekoek eskainiko dute filma igande honetan, 18:00etan Sutegiko auditorioan.

1979an, hamar urte besterik ez zituela, hasi zen Satrapi bere inguruan gertaturiko aldaketei erreparatzen. Urte horietan Iranen gertatu ziren gizarte aldaketa eta politikoen lekuko izan zen. Berak jasandako bazterketa eta errepublika islamiarraren ezarpena izan ziren filmeko lehen zatian jaso zituenak.

Iranen eta Iraken arteko gudak hartzen du filmaren bigarren zatia. Xahek ezarritako erregimena erori eta islamistek agintea hartzean jarrera erreboltaria hartu zuen Satrapik. Dramatikoak izan ziren garaiak azaltzen ditu Persepolis pelikulan, baina betiere ikuspegi ironiko bat erabiliz. Persepolis filmeko istorioa gogorra bada ere, ikusleari barrea ateratzea lortu zuen Cannesko jaialdian Marjane Satrapik.