#Kilometroak15-en aldeko tonbolarako materiala uzteko gonbita

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 17a, 23:14

Komertzioak, Eguneko Zentroko eta Gaztelekuko kideak... Herria inplikatzen ari da, #Kilometroak15 ekimenaren aldeko tonbolan. Urte hasieran aurreratu genizuen moduan, Ana Urdangarin eta Larraitz Izagirre usurbildarrak, urriaren 4ko jaialdiaren aldeko tonbola antolatzen dabiltza, datorren Sagardo Egunerako, Santixabeletarako eta #Kilometroak15 egunerako. Hiru tonbola guztira.

"Tonbolan era guztietako opariak izango ditugu, herriko komertzio zein kanpokoek emandako opariak alegia", antolatzaileen esanetan. Baita herritarrek eskuz sorturiko artelanak ere. Tonbolarako opariak biltzen segitzen dute. Materiala uzteko gonbita luzatzen diete herritarrei. "Herritarren partetik edonolako opariak jasotzeko prest gaude; pastelak, eskulanak edo norberari bururatzen zaizkionak... Kontua da boletoak oparien arabera moldatu behar direla. Beraz, eskertuko genuke gutxienez tonbola baino 15 egun aurretik gurekin harremanetan jartzea, boletoak egiteko denbora izan dezagun", gogorarazten dute.

Materiala uzteko prest dagoena gerturatu dadila Udarregi Ikastolako idazkaritzara, edo bestela deitu dezala telefono zenbaki honetara: 633 155 879 (Ana).

Sagardo Egunean, Aritzetako kantoian

Iragarri dituzten hiru tonboletan lehena, Sagardo Egunean izango da, maiatzaren 17an. Tonbola, Mikel Laboa plazatik Sutegi aldera jaisteko bidegurutzean kokatuko dute, Aritzetako kantoian. Goizetik eguerdi partera arte. Urdangarin eta Izagirreren deia: "Giro paregabea izango dugu, denei bertaratzeko gonbita egiten dizuegu". Tonbolan parte hartzeko boletoak erosi beharko dira. Euro batean izango dira eskuragarri.

Jarraian, tonbola antolatzen hasi berritan, Ana Urdangarinek eta Larraitz Izagirrek NOAUA!ri eskaini zioten elkarrizketa:

#Kilometroak15, Udarregi Ikastolako eraikin berria diruz laguntzeko baliatu nahi da. Horretan, diru iturriak lortzeko lanean dabil batzordeetako bat. Martxan duten egitasmoen artean da, 60.000 euroko saria jokoan jarri duen “Gure Zozketa”. Edota jarraian, zehaztasun gehiagorekin aurkeztuko dizuegun Gattunk tonbola; Udarregi Ikastola laguntzeko elkartasuna sustatu eta urriaren 4ko jaialdia girotzera datorren ekimen berria.

Ze fasetan dago ideia? Barne antolaketa lanetan zabiltzate ezta?

Gattunk tonbola: Batzordeak osatu zirenean, diru iturriak bilatzeko taldean sartu ginen. Tonbolaren aukera hor zegoela ikusita, gure gain hartuko genuela erabaki genuen. Horretan buru belarri jarri ginen. Aurreko Kilometroak edizioetan, tonbolarako materiala biltzen lagundu zuten kontaktu batzuk lortu ditugu. Email piloa bidali dugu leku pila batera eta erantzunaren zain gara.

Nola irudikatu behar dugu antolatzen ari zareten tonbola?

Hiru tonbola egitea aurreikusten dugu; lehenengoa Sagardo Egunean, bigarrena Santixabeletan eta hirugarrena, Kilometroak egunean. Urriaren 4koaren aurreko tonbolak, erritmoa hartzen joateko, prestatzen joateko baliatuko ditugu. Ez dakigu nola egingo dugun, baina ukitu ezberdin bat emango diogu, batez ere Kilometroak egunekoari. Zerbait berezia izango da, ez izateko betiko tonbola. Jai girokoa izango da, produktu piloa jarri asmo daude. Ikusiko dugu nola antolatu. Ezaugarri ezberdinak izango ditu tonbolaren edizio bakoitzak; beharraren arabera egokitu beharko dugu. Eguraldiak ere baldintzatuko du.

Tonbola aurretik, nola bideratu asmo duzue boletoen salmenta?

Horretan gabiltza. Boletoen bidez izango da ziur. Baina ikusi behar dugu lehenbizi, zer dugun. Bildutako produktuen araberakoa izango da.

Herritarrok ere tonbolarako materiala uzten parte har dezakegu?

Denerako irekiak gaude. Norbaitek postreak, eskulanak... jendeak etxean egindako gauzak tonbolarako utzi nahi baditu, primeran. Ekimena herri osora zabaldu nahi da. Hori bai, tonbolarako materiala utzi nahi duenak, aldez aurretik jakinarazi dezala ikastolan, boletoak atera ahal izateko. Sagardo Egunean (maiatzaren 17an) ospatuko dugu lehen tonbola. Tamaina handiko materiala lehenbailehen jasoko bagenu hobeto. Animatu! Udalak Barrenkaleko lokala utzi dugu, tonbolarako biltegi bezala baliatzeko.

Tonbolaren aurreko esperientziak nolakoak izan dira?

Diru iturri garbi bat izaten da. Azkenean, tonbolarako materiala, opari bitartez lortzen da. Boleto bakoitzaren sarrera ikastola finantzatzeko da. Taldeari lana eskatzen dion ekimena da, baina ez duena arriskurik edo produkturik erosi beharrik eskatzen. Horregatik ikusi genuen egin beharra zegoela, herria dinamizatzeko eta presentzia emateko festetan eta ekintza ezberdinetan. Ekimen alaia da, girotze lanerako ona ere. Merezi dezakeen ekimen bat da. Aurreko edizioetan antolatu izan dutenen balorazioa oso positiboa izan da. Alde horretatik, animatu gaituzte tonbola antolatzera. Taldea osatu da eta gogotsu gabiltza. Egunari begira, laguntzarako jende gehiago beharko da. Deialdia, data hurbildu ahala egingo da. Jada bolondres asko dago izena emanda, ikastolako Kilometroetako zerrendetan. Horiengana joko dugu laguntza eske bereziki. Baina inork tonbolan parte hartzeko gogoa badu, bere burua hor ikusten duelako, animatu!

Nola bizi duzue Kilometroak urte hau?

Emozio handiz. Egun hori izugarria izango dela sentitzen dugu. Emozionatuak gaude. Herri guztia inplikatua dago, era batera edo bestera. Kostatzen ez den ale horrekin bakoitzak bere ekarpena egin dezala, ez tonbolan bakarrik. Nola hainbeste alor dauden Kilometroak ekimenari dagokionez, ze esan... Animo denei!

Lehen tonbola, Sagardo Egunean

Tonbola egunak: Sagardo Eguna, Santixabelak eta #Kilometroak15 eguna.

Tonbolarako ekarpenak egin edo argibide gehiagorako:

943 36 12 16 (Udarregi Ikastolako idazkaritza)

usurbil@udarregi.com

kilometroak.eus