Boluntariotzari gorazarre, Ziortzaren 30. urtemugako ospakizunetan

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 18a, 16:45

Gazte elkartea abiatu zutenak, une zailetan egitasmoari berriz heldu eta indartu zutenak, partaide izan dituzten gazteak, begiraleek egindako lan handia, gurasoen eta beste hainbat herritarren ezinbesteko laguntza... Ziortza 30 urteotan bizirik mantendu duten boluntario guztien lana omendu dute, eguerdian Sutegin ospatu den urtemugako ekitaldi berezian.

Ziortzako gaurko eta atzoko kideak bildu dituzte, belaunaldi bat baino gehiago. Tartean, gazte bezala lehenik, begirale gisa gero, eta guraso bezala Ziortzari lotua egon edo segitzen dutenak. Haurrak, gazteak, helduak... Omenaldian proiektatu duten Ziortzaren hiru hamarkadotako ibilbideari loturiko argazki proiekzioak ere argi islatu du, gazte elkartea herri honetako historiaren zati garrantzitsua dela. Hainbat herritarren hezkuntza eta aisialdiari ekarpen nabarmena egin diona.

Herri erdia baino gehiago izango da, Ziortzarekin loturaren bat izan duena. Sutegin eskaini duten argazki proiekzioan argi geratu da. 30 urteotan gazte elkarteko kide izan diren hainbat herritar erretratatuak ikusi ditugu; bai herri auzolanaren ikur bilakatu den Peñaloscintoseko (Errioxa) kanpaldian, Errege Kabalgatan, edota urtean zehar Ziortzak antolaturiko saio eta bestelako ekimenetan ere.

Denentzat, esker hitzak izan dituzte, Ziortza kide denei eskaini nahi izan diete, txalo artean joan den 30. urtemugako omenaldia. Eguerdian, Udarregi Ikastolako jangelan ospatu duten bazkarian, hainbat oroitzapen berritzeko aukera izan dute.