Kanpaldiraino garamatzan Ziortzaren 30. urtemugako erakusketa ireki dute

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 18a, 16:43

Teknologia berriekin irudi bidez "irakurri" edo informatzen gara egun. Baina bere xarma ere badute irudiek, ustez ahaztuak genituen hainbat bizipenez oroitzeko aukera ematen diguten argazki "zaharrek" bereziki. Eguerdian Sutegira gerturatu besterik ez zegoen. Ikusmin handia sortu du, 30. urtemugari lotutako ospakizun egun honetan, Ziortza Gazte Elkarteak kultur etxean inauguratu duen erakusketak. Erakusketako argazki bilduma zabalak bereziki.

Antolatzaileek astindu ederra eman diote argazki artxiboari, eta irudi mordoa ikusgai jarri; kanpaldikoak, urtean zehar antolaturiko saioetakoak, gazteenak, begiraleenak... Zuetako hainbatek zuen burua erretratatua ikus dezakezue egunotan, Ziortzaren erakusketara gerturatzen bazarete.

Irudietan bakarrik ez, Ziortza kide izan direnentzat gogoangarriak izango diren hainbat objekturekin baita. Gazte elkarteko ikur bilakatu den kanpaldia ere eraiki eta erakusketara eraman dute.

Apirilaren 26ra arte zabalik duzue erakusketa. Bertan gainera, Ziortzaren 30. urteurreneko materiala eskuratu ahalko duzue.

Erakusketa

Epea: apirilaren 26ra arte zabalik (apirilaren 25ean itxita, III. Dantza Eguna baita).

Ordutegia: 17:00-19:00.

Tokia: Sutegiko erakusketa aretoa.

Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.