Txan fantasma Sutegin, argi mozketa eta guzti!

Sutegiudalliburutegia 2015ko api. 19a, 13:53

[caption id="attachment_7828" align="aligncenter" width="365"] Karmentxu eta Txan fantasma[/caption]

Hala da, bai! Apirilaren 16an, Mariasun Landaren ipuinetik salto egin zuten Usurbilgo Sutegi aretora Karmentxu umezurtzak eta bere ametsezko lagun Txan fantasmak, txotxongilo bihurturik. Bertan, biak izeba Edurne eta Don Felipe medikuarengandik ihesi ikusi ahal izan genituen, festa giroan murgilduta, lagun giro ederrean. Baita ere, nola Edurnek eta Felipek aurkitu zituzten, eta Karmentxu berriro Arraroen etxera eraman zuten, Txan fantasma bere zain kanpoan geratu zelarik.

Baina Pantzat Teatrok eta Bihar Taldeak, bukaera alaiago bat eman nahi izan zioten bi lagunen istorioari, eta izeba Edurne eta Don Felipe Karmentxu Arraroen etxera eramaten saiatu zirenean, Txan fantasmak, gogor jarrita, eta ikuslegoaren ezinbesteko laguntzaz, Karmentxu berarekin geratzea lortu zuen.

Beste sorpresa bat ere izan genuen ordea Sutegi Aretoan: Txan fantasma izeba Edurnerekin eztabaidan/borrokan ari zenean Karmentxu Arraroen etxera eraman ez zezan, ARGIA JOAN ZITZAIGUN! Eta zoritxarrez, bi lagunak elkarrekin geratzen zirela ospatzeko aurreikusita zegoen festa bertan behera utzi behar izan genuen. A zer pena!

Gertatua gertatu, haurrak oso gustura atera ziren (zenbaitek argi-mozketa saioaren barruko sorpresatxotzat hartu zuen), eta ondorengo egunetan, txotxongilo saioa aitzakia ezin hobea izaten ari da Txan fantasma liburua ezagutzera emateko.

[caption id="attachment_7885" align="aligncenter" width="330"] Txotxongilo saioa iragartzeko kartela eta liburua Liburutegian[/caption]