Santixabeletako Jai Batzordearen bilera, apirilaren 27an

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 20a, 10:45

Apirilaren 27an (eta ez aldizkarian iragarri bezala, hilaren 22an) bilduko da berriz, Santixabeletako Jai Batzordea. Uztailaren 1etik 5era ospatuko diren herriko festak lotzen segitzeko bilera, datorren astelehenean, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Eragile nahiz herritarrak gonbidatuak daude hitzordura.

Egitarau diseinu lehiaketako lanak, maiatzaren 12rako

Egitarau diseinu txapelketa martxan da eta lanak aurkezteko epea zabalik, maiatzaren 12ra arte. Lehiaketako txapeldunak, 500 euroko saria jasoko du eta noski, eginiko lanaren emaitza herritar guztien eskutara helduko da. Zuen diseinu lana sortzen hasteko lehen pausoa Potxoeneara gerturatzea izango da. Egitarauko testua eta oinarriak bertan jaso behar dira. Bestela, eskatu emailez, kultura@usurbil.eus helbidera idatzita. Testu horretan oinarritu beharko da diseinu lana. Gainerakoan, ezaugarriok izan beharko ditu:

-Lanaren neurria librea izango da.

-Egitarauak irakurterraza izan beharko du. Euskaraz argitaratuko da, gaztelerazko bertsio laburtua jasoko du, tamaina txikiagoan.

-Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira. Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, aurkeztu beharko da eta PDF formatuan egongo da.

Lehiaketari begirako araudi orokorra:

-Lehiaketa publikoa eta irekia izango da.

-Lana originala, aurrez beste lehiaketetan parte hartu eta argitaratu gabea izango da.

-Norbanako edo taldeak aurkez daitezke. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun.

-Nahi adina lan aurkez daitezke.

Lanak maiatzaren 12a baino lehen helarazi Usurbilgo Udaleko erregistrora, edo bestela, postaz bidali helbide honetara:

Usurbilgo Udala

Kultura Saila

Jose Martin Sagardia Plaza z.g.

20170 Usurbil

Argibide gehiagorako: 943 371 999.