Xabier Aranburu "Xomorro" etxeratzea eskatzeko, elkarretaratze berezia ostiralean

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 20a, 10:57

"Une hauetan bere senideen ondoan, bere etxean, bere Agiña maitean, gure kaleetan, hementxe bertan, plazan edo horko izkinako tabernan, aske beharko luke", Xabier Aranburu "Xomorro" aginagarrak, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik gogorarazi dutenez. 2006ko abuztutik baldintzapeko askatasunean izateko eskubidean da. Baina oraindik beste bi urte gehiago egin beharko ditu espetxean, 2017ko martxora arte hain zuzen.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2008an hartutako erabaki baten ondorioz, sumario bat baino gehiago zuten presoei, epaiketak bukatu bitartean behin behineko presoaldiko denbora-"prebentibo egoera" deitzen zaiona-erredentziotarako zenbatzea agindu zuen. Ikasketak edo aktibitateak egiteagatik adibidez, kondenatik kentzen zaizkien egunak dira erredentzioak, eta legez hala agintzen bada ere, euskal presoei era oso murriztuan aplikatzen zaie. 2010ean Kode Penalean egindako erreforman, ordea, artikulu hori aldatu egin zen eta, hala, "zenbaketa bikotzeko" aukera hori ere kendu egin zen.

Xomorroren kasuan eragin zuzena du erabaki horrek, bi urte gehiago egin beharko dituelako preso. Horregatik, "egoera bidegabe hau jakinarazi eta ozen salatu nahi dugu. Hileko azken ostiraleko kontzentrazioa baliatuko dugu, Xomorroren askatzea eta etxeratzea aldarrikatzeko".

Apirilak 24, ostirala

20:00 Jada aske beharko lukeen Xabier Aranburu "Xomorro" aginagarraren askatzea eta etxeratzea eskatzeko, elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Ondoren, herriko presoei euskal prentsa igortzeko harpidetza-gastuei aurre egiteko barrikotea Aitzagan. Txartelak aurrez salgai Aitzagan, 20 eurotan. 14 eurotan, ikasle eta langabeentzat.

Antolatzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.