Igoera faseei begira baita, senior mailako eskubaloi taldeak

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 20a, 13:22

Asteburuan kadete eta jubenil mailako eskubaloi taldeek jokatu duten igoera fasea, ezin hobeto borobildu dute; mailaz igota, Euskal Ligara igota. Seniorren txanda orain. Senior neskek Euskadiko Txapelketako fasea jokatuko dute asteburuan, senior mutilen 1. Territorial mailako taldea 2.Nazional mailara igotzeko lehian murgidua dago, eta senior mutilen 1.Nazionaleko taldeak, 2015-16 denboraldian mailari eutsiko diola berri eman dute Usurbil Kirol Elkartetik:

Euskadiko Txapelketan

Denboraldiko bigarren fasea multzoko sailkapen buruan amaitu ostean, senior nesken txanda orain. Euskadiko Txapelketako fasea jokatuko dute asteburu honetan. “Bertan, Euskadiko lehen 4 postuak erabakitzeaz gain, Espainiako Txapelketarako 2 txartel egongo dira jokoan. Txartel horietako bat lortuz gero, Zilarrezko Ohorezko mailara igotzeko sektorea izango lukete beraz”, Usurbil K.E.-tik berri eman dutenez.

2.Nazionalera bidean

Berri on gehiago. Usurbil K.E.-ren 1. Territorial mailako senior mutilen taldea, 2. Nazional mailara igotzeko lehian murgildu baitzen asteburuan. Larunbatean Barakaldoren aurka lehiatu ostean, datozen asteotan aurkari hauekin neurtuko dira usurbildarrak:

-2. jardunaldia, apirilak 26: BM Romo Indupime-Usurbil K.E.

-3. jardunaldia, maiatzak 10: Aloña Mendi K.E.-Usurbil K.E.

-4. jardunaldia, maiatzak 17: Usurbil K.E.-Tolosa C.F.

-5. jardunaldia, maiatzak 24: CB Sestao-Usurbil K.E.

1. Nazionalean segiko dute

2015-2016 kirol urtean ere, 1. Nazional mailan lehiatuko da Usurbil Kirol Elkarteko senior mutilen taldea. Eskubaloi taldeen bilgunetik berri eman digutenez, CB Hondarribia taldeak galdu egin zuen igandean jokaturiko neurketa, eta honenbestez, “gure 1. Nazionaleko taldea matematikoki mantendu egingo da beste denboraldi bat gehiago maila berean, nahiz eta oraindik 2 jardunaldi jokatzeke egon”.