130 lagun aurrematrikulatuta, Ziortzaren udako kanpaldirako

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 21a, 08:50

Txanda batean 60 lagun, bestean 70. Guztira Lehen Hezkuntzako 5. mailatik hasi eta DBH 4. mailaraino, 130 gazte aurrematrikulatu dira, Ziortzaren aurtengo udako kanpaldirako. Aurreikuspenak gaindituta, oso pozik dira Ziortzakoak, datorren uztaileko kanpaldirako izen emateak izan duen harrerarekin. Marka guztiak hautsita, 130 lagun aurrematrikulatu ziren martxoko bigarren hamabostaldian. Izena eman dutenei, gutuna bidaliko zaie eta matrikulazio epea maiatzean zabalduko dute. “Zehazten diren daten barruan, izena eman eta ordainketak egin beharko dituzte”, Ziortzatik ohartarazi dutenez. Gerora, kanpaldiaren inguruko argibideak emateko guraso bilera deituko dute.

2015eko kanpaldiak izan duen harreraren berri, Ziortzaren 30. urtemugako omenaldian eman zuten aisialdiko talde kideek. Gogoan izan, hiru hamarkada bete dituela eta, Ziortzakoak ospakizun astean dira. Besteak beste, urtemugako materiala salgai jartzeaz gain, abesti bat ere sortu dute. Albiste honi atxikitako bideoan duzue entzungai. Eta pasa den asteburuko ekitaldiez gain, egunotarako hitzorduok deitu dituzte:

Ziortzak, 30 urte

Apirilak 18-26

17:00-19:00 Erakusketa, Sutegiko aretoan. (apirilaren 25ean, III. Dantza Egunean itxita).

Apirilak 26
, igandea

10:00 LH 5etik DBH4ra arteko gaztetxo ororentzako jolasak frontoian
.

14:00 Bazkaria (norberak berea ekarri, eta edaria eta postrea Ziortzaren kontura)
.

15:30 Jolasen jarraipena
.

18:00 Dantzaldia Askatasuna plazan.

Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.