Hauteskundeetarako mahaikideen zozketa, ostiral eguerdian

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 21a, 13:23

Hilabete eskas hauteskundeetarako, eta maiatzaren 24rako prestaketa lanak aurrerabidean dira. Ostiral eguerdi honetarako ezohiko osoko bilkura deitu du Udalak, 14:00etan udalbatza aretoan, bozkatzeko mahaietako kideak hautatzeko. Zozketa bidez aukeratuko dira, udal eta foru hauteskundeetarako mahaiak osatuko dituzten herritarrak. Zubietako Herri Batzar berria osatzeko egun berean, maiatzaren 24an, egingo diren hauteskundeetarako mahai kideen izendapena ere ahotan hartuko dute udal ordezkariek. Honenbestez, bi puntu izango ditu ezohiko osoko bilkurako gai zerrendak. Udalak ohar bidez plazaratu dituen bi puntuok:

1.- 2015/05/24ean izango diren Udal eta Batzar Nagusietako Hauteskundeetarako mahaikideen zozketa eta izendapena.

2.- 2015/05/24ean izango diren Zubietako Auzo Batzarreko Hauteskundeetarako mahaikideen zozketa eta izendapena egiteko eskumena Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzea.

Bederatzi bozkaleku

Ostiral eguerdian hautatuko dira, datozen hauteskundeetarako bozka lekuetako mahaikideak. Baina maiatzaren 24rako bozka emateko guneak finkatuak daude jada. Ohikoak izango dira: Udarregi Ikastola (3 mahai), Haur Eskola (2 mahai) Santuenea Kultur Elkartea, Aginagako Herri Ikastetxea eta Zubietako Lanbide Eskola. Horiek udal eta foru hauteskundeetarako irekiko dituzten bozka emateko tokiak. Zubietako Herri Batzar berria osatzeko mahaia, Alamandegin jarriko dute. Kasu batean zein bestean, bozkatzeko ordutegia bera izango da, maiatzaren 24an: 9:00-20:00 artean.

Posta bidez bozkatzea eskatzeko epea zabalik

Posta bidez bozkatzeko, kontuan hartu beharreko egutegia duzue hemen:

-Maiatzaren 14ra arte: posta bidezko bozka eskaera aurkezteko aukera, gertuen duzuen posta bulegoan.

-Maiatzak 4-17: Hautesle Erroldaren Bulegoko Probintzia Ordezkaritzak posta bidez bozkatzeko dokumentazioa jasotzea.

-Maiatzak 4-20: posta bidezko bozka bidaltzeko epea.

Egutegia

Datozen hauteskundeetarako egutegi orokorra duzue hemen:

-Apirilak 25-29: hauteskunde mahaietako kideak hautatzeko zozketa.

-Apirilak 27: hautagaitzak aldarrikatzea.

-Maiatzak 8-22: hauteskunde kanpaina.

-Maiatzaren 14ra arte: posta bidezko bozka eskatzeko aukera.

-Maiatzak 24: bozketa eguna.

-Maiatzak 27: hauteskundeetako emaitzen bozka zenbaketa ofiziala.

-Ekainak 13: udala eratzea.

-Ekainaren bigarren hamabostaldian: Gipuzkoako Batzar Nagusiak eratzea.

-Uztailaren 13a baino lehenago: Gipuzkoako Ahaldun Nagusia hautatzea.

Sagardo Eguna, lehenago

Usurbildarren jai egun maitatuena maiatzeko azken bigarren igandean ospatu ohi da urtero. 2015eko edizioa ordea, udal eta foru hauteskunde egunarekin egokitu denez, astebete aurreratuko da hitzordua. Usurbilgo Sagardo Eguna, maiatzaren 17an aurten.