Aldundiaren Partaidetzazko Aurrekontuei loturiko lehen tailerra, ostegunean

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 21a, 14:12

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontuetako 20 milioi euro bideratuko ditu datozen lau urteotan, 10 eskualdeetako herritarrek gauzatu nahi dituzten egitasmoetara. “Foru Aldundiak bere aurrekontuaren zati bat herritarren esku uzten du, herritarrek beraiek erabaki dezaten diru hori zertan erabili”, ohar bidez jakinarazi dutenez. Guztira 20 milioi euro. 10 eskualde izanik, “eskualde bakoitzak 2 milioi euro izango ditu datozen lau urteotan inbertitzeko”. Tartean, Buruntzaldeak. Aldundiak herriz herri urrira arte bideratuko duen prozesu parte hartzaile baten bidez erabakiko dituzte herritarrek, diru horrekin zer proiektu gauzatu nahi dituzten.

Usurbilgo parte hartze prozesua ostegun honetan, apirilaren 23an abiatuko da 19:00etan Potxoenean egingo den tailerrarekin. Gaiotan adituak diren bi teknikarik bideratuko dute prozesua. Zuen ekarpenak egiterakoan bi irizpideok kontuan izan. “Proposamenak eskualdearentzako onuragarria eta Aldundiaren eskumenekoa izan behar du”, ohartarazi dutenez.

Beste bi tailer espezifiko

Ostegun honetakoaz gain, partaidetzazko beste bi saio egingo dira Buruntzaldean, bi tailer espezifiko, "garrantzia berezia daukaten mugikortasun eta ingurumen gaiak lantzeko. Zeharkako gaiak direnez, bertan beste gaiak landuko dira ere bai. Hots, Mugikortasun tailerrean Parekidetasuna – Gizarte politika – Oroimen historikoa gaiak jorratuko dira ere bai, eta Ingurumen tailerrean Energia – Kultura – Ekonomia – Turismoa gaien inguruan arituko dira herritarrak zein eragileak".

Tailerrotan parte hartzeko gonbita luzatzen dute Aldundiatik. "Gure eskualdea hobetzea dago jokoan, parte hartu!":

Apirilak 23, osteguna

19:00 Tailerra Potxoenean.

Apirilak 28, asteartea

19:00 Tailer espezifikoa, Lasarte-Oriako Villa Mirentxun: Mugikortasuna-Parekidetasuna – Gizarte politika – Oroimen historikoa.

Apirilak 29, asteazkena

19:00 Tailer espezifikoa, Potxoenean: Ingurumena- Energia – Kultura – Ekonomia – Turismoa.

Proposamenak helarazteko beste bideak

Tailerrez gain, ekarpenak egiteko badira beste bi bide. Batetik, etxean jaso dituzuen esku-orriko formularioa bete eta udaletxean, Potxoenean, Oiardo Kiroldegian, Sutegi udal liburutegian, Aginagako Arrate zahar egoitzan eta Zubietako Alamandegin jarrita egongo diren postontzietan utzi ditzakezue. Web gune honetan sartuta ere egin ditzakezue zuen proposamenak: aurrekontuahobetzen.net/eu/ (bertan informazio gehiago).

Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatu duen Partaidetzazko Aurrekontuen gaiak egingo duen bidea, honakoa izango da:

1-Apirilaren 30era arte, herritarren proposamenak jasoko dira.

2-Ekaineko bigarren astean, jasotako proposamenen artean herritarrek proiektuen aukeraketa egin beharko dute.

3-Jarraian, Aldundiko teknikarien balorazioa.

4-Iraileko bigarren hamabostaldian, herritarrek behin betiko proiektuak aukeratuko dituzte.

5-Urrian, proposamenak Foru Aldundiaren 2016ko aurrekontuetan txertatuko dira.