Maiatzaren 9ko Ehuntze Eguna antolatzeko bilera ostiralean

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 21a, 17:04

Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldea, ekainaren 21ean hiriburuetan ospatuko diren erabakitze eskubidearen aldeko ekimenetarako prestaketa lanetan da. Gogoan izan, atxikimendu pertsonaldun oihal zatiekin hautestontzi erraldoiak osatu nahi direla, hiriburuetako erreferentziazko guneetan. Donostian, Anoetako futbol zelaian.

Ekainaren 21erako prestaketa lanak herriz herri bideratuko ditu Gure Esku Dago mugimenduak. Usurbilen, Ehuntze Eguna antolatu dute maiatzaren 9rako; tailerrak, bazkaria, bertso musikatuen saioa... Eguna prestatzeko bilera deitu dute ostiral honetarako, 18:30etan Potxoenean. "Ahal den gehienon artean antolatu nahi dugu eguna, Gure Esku Dago dinamika herritarra baita. Edozein ideia edo proposamen jasoko dugu gustura, ateak zabal-zabalik dituzue guztiok!", luzatu dute gonbita.

Datozen ekimen guztioi begira, girotzen hasteko honako idatzia helarazi du Gure Esku Dago mugimenduak, NOAUA!ra:

Gure Esku Dago, motorrak berotzen hasteko ordua

Gure Esku Dago dinamika gizartea saretzeko jaio zen, lehen harresiak zeuden tokian zubiak eraiki eta guztion artean gure herriaren etorkizuna ehuntzeko helburuarekin. Iazko ekainaren 8an eskuz-esku lotu genituen Durango eta Iruñea eta ondoren etorri zen Zurriolako mosaiko erraldoia. Aurtengo ekitaldi nagusia Ekainak 21ean burutuko da, herrialde bakoitzeko hiriburuan, guri Donostiara hurbiltzea tokatuko zaigularik. Azken hilabeteotan herriz herri biltzen ari garen oihal-zatiak elkar josita, hautestontzi erraldoiak eraikiko ditugu, egun guztian zehar festa eta aldarrikapena izango direlarik nagusi.

Maiatzak 9: #Ehuntze Eguna Usurbilen.

Ekainak 21eko egun garrantzitsuari begira, Usurbilgo Gure Esku Dagok #Ehuntze Eguna antolatu nahi du herrian, maiatzak 9an, motorrak berotu eta gizakatean guztiok sentitu genuen ilusio hura berpizteko asmoz. Oraindik egitarau osatu bat ez badugu ere, hurbildu nahi duenak izango du entretenimendua; haur eta helduentzako tailerrak, bazkari herrikoia, bertso musikatuak…

#Ehuntze Eguna antolatzeko bilera irekia prestatu dugu datorren ostiralerako, apirilak 24, arratsaldeko 18:30tan Potxoenean. Ahal den gehienon artean antolatu nahi dugu eguna, Gure Esku Dago dinamika herritarra baita. Edozein ideia edo proposamen jasoko dugu gustura, ateak zabal-zabalik dituzue guztiok!

Bazkari herrikoia eta bertso musikatuak.

Maiatzak 9an egingo den bazkari herrikoirako txartelak laster jarriko ditugu salgai, ohiko tabernetan eta baita Lizardi liburu dendan ere. Helduentzako txartelak 15€tan (Oilasko paella, txekor masaila saltsan eta pastela) eta haurrentzako txartelak 5€tan (Makarroiak eta izozkia). Bazkariaren ondoren bertso musikatuekin gozatzeko aukera izango dugu.

Mahai ibiltaria: informatu, saretu edo kamiseta berriak erosteko.

#Ehuntze Eguna iritsi bitartean, ekainak 21ko ekintza masiborako informatu edo saretu nahi duenak gure mahai ibiltarira hurbildu besterik ez du. Frontoi inguruan aurkitu gaituzue 19:00tatik aurrera apirilak 24an eta 25an eta baita maiatzak 1an eta 8an ere. Aurtengo kamiseta berriak erosi nahi dituenak ere, bertan izango du aukera! Neurri guztietako kamisetak ditugu, emakume, gizon nahiz haurrentzat.

Herri bat gara. Erabakitzeko Eskubidea dugu. Herritarron garaia da.

Gure esku dago!