#Kilometroak15: "Bideoklipak Usurbilen nortasuna du oinarrian"

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 22a, 14:04

Herria aurkeztu nahi zuten. Usurbilen nortasunean oinarritu dute #Kilometroak15 ekimenaren bideoklipa, egileek Potxoenean egin den aurkezpen ekitaldian ziotenez. "Herri honekin lotura estua duen txalapartarekin ireki dugu bideoa. Txalapartariek basoko izpirituei dei egiten diete, eta hauek buruhandi-iratxo modura agertzen dira. Pixkanaka, iratxo hauek menditik herrira jaitsiko dira, bidean topatzen dituzten hainbat lanbidetako langileak ahotik ateratako sokaz bilduz. Noski, soka honek gure hizkuntzaren metafora izan nahi du, euskarak lotzen gaituela irudikatzeko. Iratxoak herriko plazara iristean, langile guztiak lotzen dituzten sokak elkartu eta denak batera lanean jarriko dituzte. Izan ere, euskararekin, denok batera (h)ari gattunk", egileen esanetan.

Soka eta "Iratxo-buruhandiak" protagonistak

Irudigintzaren alorrean lan egiten duen herritar taldeak sortu du gaurtik sarritan ikusi eta entzungo dugun bideoklipa, "esan dezakegu auzolanean egindako sormen kolektibo bat dela". Lehenbizi, "Lotzen GaTTunk" abestiaren egilearekin, Jakoba Errekondo herritarrarekin bildu ziren. "Hainbat bilera egin genituen, ideia zaparrada sutsuak eginez, Gero, ideia horiek guztiak bideoklipera ekarri behar genituen, bukaerako emaitza Udarregi Ikastolaren eta Usurbilen isla izan zedin", Potxoenean adierazi dutenez.

Kantari jarraiki, bideoklipeko protagonistak soka eta haurrak izatea erabaki zuten. "Haurrak, ikastolako ikasleak, iratxo gisa irudikatu genituen; haiek dira ikastolaren oraina eta Usurbilen etorkizuna. Usurbilgo haurrek afiziotzat dituzte buruhandiak, eta horrela sortu genituen iratxo-buruhandiak. Soka, berriz, herritar guztiok batzen gaituen soka da, euskara, alegia", argitu dutenez.

Egindako ahalegina itzela izan da, eta sortze prozesuan, zenbait oztopoei ere aurre egin behar izan diete. "Erakutsi nahi genuen aniztasuna lortzea ez da lan erraza izan: jende mordoa, lokalizazioak, sokak, buruhandiak... Eta bakoitzaren ordutegiak antolatzea izan da seguruenik lan zailena. Gainera, Euskal Herriko eguraldi aldrebesak jarri dizkigun trabak gainditu behar izan ditugu etengabe. Baina Komunikazio lan taldeko lagunei esker, sortzaileok gauza horietaz guztietaz ahaztu, eta bakoitza bere lanean zentratzea lortu dugu", bideoklipa landu duen taldearen izenean, Potxoeneko aurkezpen ekitaldian parte hartu duten Joseba Larratxe eta Juan Luis Izeta herritarren hitzetan.