Jai jasangarri, parekide eta inklusiboen aldeko bideoklipa ere bada, asteazken honetan Potxoenean aurkeztu dutena. Baloreok urriaren 4ko jaialdiko antolaketa lanetan txertatu dituztenez, horien isla ere bada hilabete hauetan herritar talde batek landu duen bideoklipa. Parekidetasunari dagokionez, "bideokliparen bidez, egunerokotasununean hain barneratuta dugun eta, ondorioz, arretarik eskaintzen ez diegun hainbat jokabide hautsi eta bistaratu nahi izan ditugu: genero rol edo joerei lotutako estereotipoak". Besteak beste, tradizionalki gizonen lan gisa definitu izan diren zereginetan emakumeak ikus ditzakegu bideoklipean eta abestian, "horren isil(dua) dugun noka nabarmentzeari eman diogu lehentasuna", Garazi Lizaso herritarrak goizeko bideoklip aurkezpenean zioenez.
Urriaren 4ko jaialdiari begira, jai parekideen aldeko formazio saioak antolatu dira herrian eta neurri zehatzak lantzen dabiltza #Kilometroak15 parekide baten, baina baita udalerri jasangarri baten alde ere, ekimen honi lotuta dauden jarduera guztietan jasangarritasun irizpideak hartuko baitira kontuan. Hartara, poltsa berrerabilgarriak banatzen ari dira, edota urriaren 4an sortzen den organikoa herrian bertan konpostatzea sustatu nahi da. Hondakinen kudeaketan urrats berriak eman nahi dira beraz.
Jendarte inklusiboa eraikitzeko erronka
Bideoklipean ere islatu nahi izan dute Usurbil jasangarria, udalerriak ingurunearekin duen lotura. Eta jendarte inklusiboa eraikitzeko nahia. Begoña Izeta herritarrak azaldu du, #Kilometroak15 alor honetan egiten ari den lanketa. "Gure helburua ez da desgaitasunen bat duten pertsonak gizartean integratzea, baizik eta gutako bakoitzak gaitasun ezberdinak ditugula aitortzea eta guztiok osatutako jendarte inklusiboa eraiki behar dugula barneratzea. Erronka hori bota diogu geure buruari eta konpromisoa hartu dugu", zioen Izetak. Pertzepzio eta jarrera aldaketa sustatzeko hainbat sentsibilizazio eta pedagogia ekimen iragarri dituzte; ikastolaren eta #Kilometroak15 ekimenaren web guneak irisgarriagoak izatea, kultur ekimenak planteamendu inklusibo baterantz bideratzea, kirola eta kirolarien esparrua desgaitasuna duten kirolariengana zabaltzea...