Ikusmin handia Sutegin, #Kilometroak15-en bideoklipa ikusteko

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 22a, 20:46

Sutegira sartzeko ilara luzea lehenbizi, eta kultur etxeko auditorioa beteta gero. Ikusmin handia sortu du #Kilometroak15 ekimeneko bideokliparen aurkezpen ekitaldiak. Trikitilari eta txalapartariak girotzen hasi diren saioan, txalo artean hartu dute herriko bideogile talde bat hilabeteotan lantzen aritu den ikus-entzunezko lanaren proiekzioa. Baita egileak ere. Abestia eta bideoklipa sortzeko egin duten ahaleginaren inguruko zehaztasunen berri eman dute Aitziber Lanberrik, Joseba Larratxek, Jakoba Errekondok eta Joseba Tapiak. Azalpenak ematen ari ziren artean, bideokliparen grabazioko hainbat argazki proiektatu dituzte. Eta abestia ezagutzen dugun arren, asteazken honetan, lehenbiziko aldiz zuzenean abestu digute Sutegin. Hain zuzen, abestiaren sorkuntzan parte hartu zuten herriko abeslari, musikari eta Udarregi Ikastolako ikasle talde batek. Ikuskizun laburra bezain ederra.

Ikusi nola zegoen Sutegi, ekitaldi hasieran: ikusmina, bideoklip aurkezpenean

Abestia zuzenean abestu digute, ikusi: "Lotzen GaTTunk" abestia, zuzenean