Anbulatorioa zabalik, lehen greba egun honetan

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 23a, 06:38

Beste edozein ostegunen antzera, normaltasun ia erabatekoa gaur ere Usurbilgo osasun etxean. SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek ostiral gaueko 22:00ak arte deitua duten 48 orduko grebak ez du aparteko eraginik izan anbulatorioan.

Osakidetzako 30.000 langile daude deituak murrizketen aurkako eta lan baldintza hobeak izatea eskatzeko grebara. Tartean, Usurbilgo anbulatorioko langileak. Sindikatuen arabera, Osakidetzak 3.000 lanpostu "suntsitu" ditu, lanaldiaren luzatzea "inposatu" diete, eta soldatak jaitsi dizkiete. Horren aurrean, enplegua "berreskuratzea", lan karga onargarriak ezartzea eta langileen arteko soldatetan "diskriminazioak ezabatzea" eskatuko dute, besteak beste. Horrekin, osasun zerbitzua hobetzea nahi dute sindikatuek. Mobilizazioak egingo dituzte hiriburuetan ostegun eguerdian. Gipuzkoakoa, Donostiako Pio XII plazan.

Larunbatetako gutxieneko zerbitzuak finkatu dira. Hau da, ostegun edo ostiral honetan Usurbilgo anbulatorioko langileek grebarekin bat egingo balute, larunbatetako gutxieneko zerbitzuak finkatu dira. Honenbestez, larunbat goizetan Usurbilgo anbulatorioa itxita egoten denez, Lasarteko anbulatoriora joan beharko da hurrengo bi egunotan.