Gazteentzako jolas eguna igandean, Ziortzaren ospakizun astea borobiltzeko

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 23a, 09:15

30. urtemugako ospakizun aste betean dira Ziortza Gazte Elkartekoak. Aurreko asteburuko omenaldi edota bazkariarekin batera, erakusketa inauguratu zuten Sutegin. Egunotan kultur etxera gerturatu eta bisitatu dezakezue. Antolatzaileek astindu ederra eman diote argazki artxiboari, eta irudi mordoa ikusgai jarri; kanpaldikoak, urtean zehar antolaturiko saioetakoak, gazteenak, begiraleenak... Zuetako hainbatek zuen burua erretratatua ikus dezakezue.

Irudietan bakarrik ez, Ziortza kide izan direnentzat gogoangarriak izango diren hainbat objekturekin baita. Gazte elkarteko ikur bilakatu den kanpaldia ere eraiki eta erakusketara eraman dute. Igandera arte zabalik izango da.

Jolasak eta dantzaldia

Doinua propioa du baita Ziortzaren 30. urtemugak. Albiste honi atxikita doakizuen bideoan duzue entzungai, gazte elkartekoek Elkarren grabaturiko kanta. Ospakizun astean dira Ziortzakoak. Urteurrena borobiltzeko egun pasa antolatu dute igande honetarako:

Ziortzak, 30 urte

Apirilak 18-26

17:00-19:00 Erakusketa, Sutegiko aretoan. (apirilaren 25ean, III. Dantza Egunean itxita).

Apirilak 26
, igandea

10:00 LH 5etik DBH4ra arteko gaztetxo ororentzako jolasak frontoian
.

14:00 Bazkaria (norberak berea ekarri, eta edaria eta postrea Ziortzaren kontura)
.

15:30 Jolasen jarraipena
.

18:00 Dantzaldia Askatasuna plazan.

Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.