Maiatzean hasiko den Usurbil Cup Txapelketan izen emateko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 24a, 08:45

Izen emate orriak Oiardo Kiroldegian egongo dira, apirilaren 24tik maiatzaren 8ra. "Talde guztiek 8-12 haurrez osatuta egon behar dute", Usurbil F.T.-tik berri eman dutenez.

Urriaren 4an izango dugun #Kilometroak15 ekimena dela eta, oraingoan udaberrira aurreratu du Usurbil F.T.-k, Usurbil Cup ekimen arrakastatsuaren aurtengo edizioa. Maiatzaren 22an hasi eta ekaina erdialdera amaituko dela aurreikusten dute antolatzaileek. 2015eko edizioa jokatzeko garai aldaketa, salbuespena izango dela diote futbol taldekoek, aurrerantzean, ehunka haur batzen dituen kirol jarduera, iaz bezala, irailean antolatzen segitzeko asmoa baitu Usurbil F.T.-k. Hartu duten erabakiaren inguruko zehaztasun guztiak, kaleratu duten idatzi honetan jaso dituzte:

Badator berriz ere Usurbil Cup 15!!

Datorren ikasturtean, Usurbilen Kilometroak izango dugu. Hori dela eta, Usurbil Futbol Taldeak, salbuespen bezala, Usurbil Cup ekainan egitea erabaki du. Usurbilen Kilometroak egiteak herri guztiaren inplikazio osoa eskatzen du. Usurbil Cup egiteak ere boluntario eta laguntzaile askoren beharra eskatzen du eta data berdinetan egitea gehiegizkoa iruditzen zaigu.

Beraz, salbuespen bezala, eta Usurbil Cupek haurrengan sortzen duen zirrara edozein arrazoiren gainetik jarrita, aurten ekainean egitea erabaki dugu.

Izen emate orriak Oiardo Kiroldegian utziko ditugu, apirilaren 24tik maiatzaren 8ra. Talde guztiek 8-12 haurrez osatuta egon behar dute. Urtero bezala, talde bakoitzean, 16 urtetik gorako arduradun batek egon beharko du. Horretaz aparte, aurten berrikuntza bat sartu nahi izan dugu. Talde bakoitzak, epaile lanak egingo dituen partaide bat gehiago bilatu beharko du eta izen emate orrian idatzi.

Usurbil Cup 15, maiatzaren 22an hasi eta ekainaren bigarren hamabostaldian bukatzea aurreikusten dugu, baina egutegian moldaketa asko egon daitezke. Bukaera eguna zehaztuko dugu aurrerago. Hala ere, maiatzaren 15ean arratsaldeko zazpiretan Potxoenean bilera egingo dugu.

Besterik gabe, anima zaitezte Usurbil Cupen parte hartzera!

Usurbil F.T.