III. Dantza Eguna, plazaratzear

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 24a, 09:12

Larunbatean plazara, dantzara. Dantza zaletuen bilgune eta herriko dantza taldeen jardunaren erakusleiho bihurtuko da larunbatean frontoi ingurua. Arratsaldean, herriko taldeen emanaldiarekin. Herrikoez gain, Lasarteko Kukuka taldekoak datoz, eta azken unean, Urdiñarbetik ere dantzari talde bat datorrela baieztatu digute antolatzaileek.

III. Dantza Eguneko hitzordu nagusia, gauez dator, 22:00etan, "Dantzaroa" ikuskizunean, arratsaldeko kantu-dantza jiraren ostean. Itxura ederra du, belaunaldi ezberdinetako herritarrak bildu eta dantza musikarekin uztartuko dituen ekitaldiak. Aipatu, Maialen Beloki dantzariaren laguntza izan dutela ikuskizuna prestatzerakoan. Eta aurten gainera, Ixabel Agirresarobek zuzentzen duen Muxurbil Antzerki Tailerraren baitan osatu den helduen taldeak, dantzariekin batera parte hartuko du emanaldian. Dantza saioa testuinguruan kokatzen ariko dira. Gutxi geratzen da, entseguetan lantzen aritu direna plazaratzeko:

Apirilak 25, larunbata

17:30 Dantza estilo ezberdinen erakustaldia frontoian.

Partehartzaileak:

-Urdiñarbeko dantzariak.

-Tximeleta soinketa erritmikoko taldea: Funky eta Hip-Hop.

-Warda Mallalen taldea: Polinesia, Afrikako tribu eta funky fusioa.

-Usurbilgo Zumba Taldea: Zumba.

-Lasarteko Kukuka antzerki eta dantza taldea: dantza garaikidea eta euskal dantza sorkuntza.

-Usurbilgo Dantza Taldea: Euskal dantzak.

19:00 Kantu-Dantza Jira, frontoitik abiatuta.

22:00 "DANTZAROA" Ikuskizuna frontoian:

"Adin guztietako 60 dantzari baino gehiago taula gainean ikusteko aukera".

Antolatzailea: Usurbilgo Dantza Taldea.