"Nola belztu behar zuria" ikuskizuna, 22:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 24a, 09:27

Joxan Artzeren liburuetan oinarritutako poesia eta musika emanaldiarekin abiatuko da aurten, ohi baino lehenago, Jexux Artzeren omeneko ekitaldi zikloa. Ostiral gau honetan, 22:00etan Sutegin, "Nola belztu behar zuria" ikuskizuna, Bide Ertzean eta Oier Guillan & Asier Sarasolarekin. Emanaldia ikusteko NOAUA!kideen artean bi sarrera zozketatu ditugu. Maialen Unanue izan da saritua. Zorionak!

Apirilak 24, ostirala

22:00 “Nola belztu behar zuria” Joxan Artzeren liburuetan oinarritutako poesia eta musika emanaldia Sutegin.

Parte hartzaileak: Bide Ertzean eta Oier Guillan & Asier Sarasola.

Zehaztasunak: "Orain dela urte eta erdi Joxan Artzek “Heriotzaren ataria dugu bizitza” eta “Bizitzaren atea dukegu heriotza” izeneko poesia liburuak kaleratu zituen. Bertako poemak oinarri hartuta poesia eta musika emanaldia sortu zuten Bide Ertzean taldeak eta Metrokoadroka kolektiboko Oier Guillan eta Asier Sarasola deklamatzaileek: zazpi poema kanta bihurtu eta beste hogei inguru errezitatzen dituzte.

Orain dela urtebete Sutegi bete egin zen estreinaldian eta entzuleak oso gustura gelditu ziren. Geroztik, beste zenbait herritan ere eman da eta harrera oso ona izan du.

Emanaldiak izan duen erantzuna ikusita, DVD formatuan argitaratzea pentsatu da. Horretarako emanaldia Sutegin berriro entzuteko aukera izango dugu filmatzen eta grabatzen den bitartean. Usurbilgo udalaren laguntza beharrezkoa izan dugu guztia aurrera ateratzeko. Ondoren DVDa Elkar enpresak argitaratu eta zabalduko du".

Sarrerak: 10 euro aldez aurretik Lizardi dendan eta egunean bertan Sutegin.

Maiatzak 8, ostirala

22:00 "Lasa eta Zabala" film proiekzioa Sutegin.

Sarrerak: 5 eurotan Lizardin aldez aurretik eta egun berean leihatilan.

Zuzendaria: Pablo Malo.

Sinopsia: "1983. Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal errefuxiatuak Baionan desagertu dira aztarnarik utzi gabe eta, jarraian, GAL deritzonaren atentatu andana bati hasiera emanez.

1995. Alacanteko poliziak kasu zahar bat irekiko du berriro, erailda eta kare biziz lurperatuta agertu ondoren hamar urtez identifikatu gabe egon diren bi gorpuak Joxean eta Joxirenak izan daitezkeela susmatuz.

Gorpuak etxeratu eta Tolosan lurperatuak izango dira, tentsio handiko giroan hara bildu diren ertzainekin. Handik laster sumarioa irekitzen denean, Iñigo abokatua eta Fede bere laguntzaile gaztea, epaile instruktorearekin eta fiskalarekin elkarlanean, Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren koronelaren eta Elgorriaga gobernadore ohiaren inguruan ikertzen hasiko dira, hauek Joxean eta Joxiren bahiketan eta erailketan erantzukizuna badutela antzeman arte. Baina, hala frogatzeko bide luze eta bihurrian, botereari atxikita dauden etsaien joko zikinari aurre egin beharko diote bien biziak arrisku larrian jarriz".

Maiatzak 9, larunbata

22:00 "Erdibana" antzezlana Sutegin.

Taldea: Txalo.

Zuzendaria: Begoña Bilbao Lejarzegi.

Antzezleak: Jose Ramon Soroiz, Iker Galartza.

Sarrera: aurrez Lizardin 8 eurotan, edo egunean bertan Sutegin, 10 eurotan.

Edukia: "ama bat jada urteetan sartua, enbolia eta gripearekin, baina hiltzeko oso gogo gutxi. 45 urteko semea du, hondatzen ari den enpresaren jabea bera, eta bera zaintzen duen 38 urtetako beste bat. Jehova testigu batek asteazkenero bisitatzen ditu, kontu libreta asko dauzkate, baina aurreztuta oso diru gutxi. Etxe baten jabe dira, baina derrigorrean saldu beharrean aurkitzen dira. Gauerdian, konta ezin daitezkeen sekretuak azaleratuko dira. Komedia eder eta berezi honetan, algara artean gozatuko dugu minutu bakoitza".

Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.