Maiatzaren 24ko hauteskundeetarako mahaikideak aukeratu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 24a, 15:15

Eguerdirako deitu duten ezohiko osoko bilkuran, zozketa bidez hautatu ditu Usurbilgo Udalak, maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetarako bozka lekuetako mahaietan egon beharko duten herritarrak. Mahai bakoitza lehendakari eta bi bokalek osatuko dute, eta hauetako bakoitzak bi ordezko izango ditu. Honenbestez, mahai bakoitzeko 9 lagun hautatu dira. Guztira, 72 herritar arduratuko dira, herrian zehar jarriko dituzten 8 mahaiez. Aurreko deialdietan bezala, oraingoan ere bozkatzeko hiru mahai jarriko dituzte Udarregi Ikastolan, bi Kalezarko Haur Eskolan eta mahai bana, Santuenea Kultur Elkartean, Aginagako Herri Ikastetxean eta Zubietako Lanbide Eskolan.

Maiatzaren 24ko hauteskundeetan mahaietan egotea tokatu zaien herritarrei, datorren astean zehar helduko zaizkie jakinarazpenak.

Zubietarako mahaikideen zozketa, Tokiko Gobernu Batzarraren esku

Udal eta foru hauteskundeekin batera, Zubietako Herri Batzar berria osatzeko bozka eguna izango da baita maiatzaren 24a. Kasu honetan ordea, mahai kideen zozketa ez dute ostiral honetako ezohiko osoko bilkuran egin, atzerapen kontu batengatik, gaia Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea erabaki du udalbatzak. Aho batez onartu dute gobernu taldetik egin den proposamena, ezohiko osoko bilkurara gerturatu diren udal ordezkariok; EH Bildutik, Mertxe Aizpurua, Alaitz Aizpurua, Jone Urdanpilleta, Jose Maria Rivadeneyra, Iñaki Ugarte eta Joxe Ramon Furundarena zinegotziek eta EAJ-PNV-ko ordezkari Josune Urkolak.

Azken osoko bilkura, maiatzaren 21ean

Agortzear da jada, 2011-2015 legegintzaldia. Ostiral honetakoa, hauteskunde eguna baino lehen egin den azken aurreko osoko bilkura izan da. Datorren asteartean, apirileko osoko ohiko bilkurarik ez da izango. Hurrengo plenoa, azkena eta ostiral honetakoa bezala ezohikoa, maiatzaren 21erako finkatu dute.

Zerrendak argitaratu dira

Udal eta foru hauteskundeetara aurkeztu diren hautagai zerrendak argitara eman zituzten asteazkenean. Hona hemen, usurbildarrek maiatzaren 24an bozkatzeko izango dituzten aukera politikoak:

Udal hauteskundeak: hautagai zerrendak 

Foru hauteskundeak: hautagai zerrendak

Posta bidez bozkatzea eskatzeko epea zabalik

Posta bidez bozkatzeko, kontuan hartu beharreko egutegia duzue hemen:

-Maiatzaren 14ra arte: posta bidezko bozka eskaera aurkezteko aukera, gertuen duzuen posta bulegoan.

-Maiatzak 4-17: Hautesle Erroldaren Bulegoko Probintzia Ordezkaritzak posta bidez bozkatzeko dokumentazioa jasotzea.

-Maiatzak 4-20: posta bidezko bozka bidaltzeko epea.