Ekainaren 21eko ekintza masiboa geroz eta gertuago dagoen honetan, Euskal Herriko auzo, herri eta hirietan Erabakitzeko Eskubidearen alde josten ari garen sarea azaleratzeko ordua iritsi da. Horretan aritu dira aurreko asteburuan hainbat tokitan antolatutako Joste Egunetan, orain arteko lana azaleratuta, ekainak 21erako indarra hartzeko asmoz. Helburu berdinarekin antolatu dugu Usurbilgo Ehuntze Eguna, maiatzaren 9an Mikel Laboa plazan jaia eta aldarrikapena bildu nahi ditugu.
Goizean, Ehuntze Tailerrak
11:00tatik aurrera, ekainaren 21an hautestontzi erraldoiak osatzeko erabiliko diren oihalak apaindu eta pertsonalizatzeko aukera egongo da. Usurbilgo GED taldeak guztion eskura jarriko du materiala (errotulagailuak, haria, margoak, oihalak…) eta egon dadila lasai josten abila ez dena ere, laguntzeko prest egongo baita Usurbilgo jostun talde eder bat.
Eguerdian, bazkari herrikoia.
Goiz guztian zehar jostun lanetan ibili ondoren gose apur bat egingo zaigula pentsatuta, bazkari herrikoia prestatu dugu 14:30ak ingururako. Menu arruntaz gain (oilasko paella, txekor-masailak saltsan, postrea eta kafea), haurrentzako menu berezia (makarroiak eta izozkia) ere izango da aukeran, Mikel Labora plazan ahalik eta herritar gehienok bildu gaitezen. Txartelak maiatzak 6 arte egongo dira salgai 15 eta 5€tan; Usurbilen Bordatxon, Irratin, Aitzagan, Patrinen eta Lizardin, Aginagan Arraten eta Zubietan Alamandegin.
Bertso musikatuak eta amaierako ekitaldia.
Bazkalondoren, bertso musikatuekin gozatzeko aukera izango du Mikel Laboa plazara hurbildu nahi duen guztiak. Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Jokin Labayen izango ditugu bertsolari moduan, Haritz Casabalek jarritako gaiek eta Ixak Arruti, Eneko Sierra eta Urtzi Olaziregiren doinuek lagunduta.
Bertso musikatuen ondoren eta Ehuntze Eguna ixteko oihal-katea osatuko dugu guztion artean, egunean zehar egindako lana azaleratu eta ekainaren 21rako indartsu gaudela erakusteko.
Aipatutako ekintzez gain, informatu, saretu edo kamiseta berria erosi nahi duen orok aukera izango Mikel Laboa plazara hurbilduz gero.
Herri bat gara. Erabakitzeko Eskubidea dugu. Herritarron garaia da.
Gure esku dago!