Gure Esku Dagok antolaturiko Ehuntze Eguna, maiatzaren 9an

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 28a, 11:48

Ekainaren 21ean, oihal zatiekin hautestontzi erraldoiak eraikitzeko ekitaldiak deitu ditu Gure Esku Dago mugimenduak Euskal Herriko hiriburuetan. Usurbildarrak Donostiara joatera deituak daude. Ekimenean izen emateko epea zabalik da. Asteburuetan gerturatu, Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak frontoi inguruan jarriko duen mahai ibiltarira. Bertan jasoko dituzue argibide gehiago. Kamisetak ere salgai dituzte. Ekainaren 21eko ekitaldia girotzen hasteko, Ehuntze Eguna antolatu dute maiatzaren 9rako, Usurbilen:

Maiatzak 9, larunbata

11:00etatik aurrera Askatasuna plazan: tailerrak haur, gazte eta helduentzat.

14:30 Bazkaria Askatasuna Plazan. Bi menu:

-Helduena: Oilasko paella, txekor masaila saltsan eta pastela. 15 euro.

-Haurrena: makarroiak eta izozkia. 5 euro.

Txartelak aurrez salgai: Lizardin, Bordatxon, Aitzagan, Irratin eta Patrin.

Ondoren, bertso musikatuak.

Amaitzeko, ekitaldia.

Antolatzailea: Usurbilgo Gure Esku Dago.

Ekainaren 21ean Donostiara, erabakitze eskubidea ehuntzera

Euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko hurrengo erronka handirako eguna finkatua dago; 2015eko ekainaren 21a. Eta zehaztuak baita, milaka herritar batu nahi dituzten ekimenerako guneak ere; hiriburuetako kirol instalakuntza nagusiak. 150.000 lagun bildu zituen iazko giza-katearen ostean, Gure Esku Dago mugimenduak ekainaren 21erako antolatzen ari diren ekimen erraldoirako prestaketa lanak abiatu ditu. Oihal zati ezberdinekin hautestontzi erraldoiak osatu nahi dituzte herritarren laguntzaz, Baionan, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Herri baten borondatea irudikatu nahi dute, egun eta ordu berean; ekainaren 21ean, arratsaldeko 17:30etan. Zubietar, usurbildar eta aginagarrak, Donostiara joateko deituko dituzte, Anoetako futbol zelaira.

Leku mugatua izanik eta antolakuntza gastuei aurre egiteko, Anoetako futbol zelaiko hitzordura joateko sarrerak salgai jarriko ditu Gure Esku Dagok. 10 eurotan helduentzat, 5 eurotan haurrentzat. Bestalde, aurrez, eguerdi partean, erabakitze eskubidearen aldeko giza-kate bana burutuko da oihal zatiekin, hiriburu bakoitzean. Ekaineko hitzordua, erabakitze eskubidearen aldarrikapenetik gauzapenera igarotzeko mugarria izango dela diote antolatzaileek.

Usurbildar, aginagar eta zubietarrak beraz, ekainaren 21ean Donostian egingo den erabakitze eskubidearen aldeko hitzordura deituko ditu Gure Esku Dago mugimenduak. Usurbilgo lan taldeak hilabeteak daramatza, besteak beste, ekimen erraldoi honetarako prestaketa lanetan.

Atxikimendu pertsonalez osaturiko hautesontziak

Ekainaren 21ean, hiriburuetan hautestontzi erraldoiak osatzeko deialdia egin dute. "Hautesontzi erraldoi horiek norbere atxikimendu pertsonalak elkarri josiz osatuko ditugu, eta, horretarako, oihal-zatiak erabiliko ditugu", antolatzaileen esanetan. Oihal zati bakoitzean, 20 lagun atxikituko dira, eta bakoitzak bere zatian, nahi duena idatzi edo marraztu dezake. "Atxikitzerakoan, gure oihal-zatia pertsonalizateaz gain, euro bat ordaindu eta saretu-txartela beteko dugu. 16 urtetik beherakoek, oihal-zatia marraztu eta euroa ordaindu ondoren, ez dute saretu-txartela bete beharrik izango", ohartarazi dutenez.

Saretu-txartela betetzeko, argibide gehiago jasotzeko, edo kamiseta berriak erosteko, gerturatu Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldekoek asteotan kalean jarriko duten mahai ibiltarira. Tutore lanak egitera animatzen direnak ere gerturatu daitezela Gure Esku Dago lan taldekoengana. "Orain arte iritsi ez garen jendearengana iristeko, tutorearen figura ere sortu dugu. Horrela, herriko futbol taldeko kide batek, bere talde guztia atxikitzeko ardura izango du, edo enpresako langileak bere lankideak animatuko ditu, edo eskolako irakasle batek, beste irakasleak...", antolatzaileen esanetan.

Internet bidez ere oihal zatiak eskuratu eta pertsonalizatu daitezke.

Informazio gehiagorako: http://gureeskudago.eus/