Hobekuntza lanetan, Alkartasuna Kooperatibako gasolindegian

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 28a, 11:46

Astelehenaz geroztik itxita dago Alkartasuna Kooperatibako gasolindegia. Astearte honetan bertan amaitzea aurreikusten dituzten hobekuntza lanetan dabiltza. "Hornigailuaren azpian lehen zementua zegoen. Isurketaren bat baldin bazen lurrera joan zitekeen, lurzorua kutsatu zezakeen. Halakoak saihesteko gordailu bat jarri dugu. Hornigailuan inolako jariorik balego, gordailu horretan pilatzen da gasolina eta ez du kutsatzen lurzorua. Gordailua betetzean, kendu eta kito. Ingurumenaren zainketarako hartu dugun neurri bat da, ez zen derrigorrezkoa, baina behar zela uste dugu. Aparatuaren atzean, egun duena baino iragazki eraginkorrago bat jarriko zaio, gasoilak inolako zikinkeriarik ez duela, garbia dagoela bermatzeko", Alkartasuna Kooperatibatik NOAUA!ri berri eman diotenez.

Hobekuntza lanotan inolako atzerapenik ez bada, asteazkenean irekiko dute berriro, Alkartasuna Kooperatibako gasolindegia. Orain arte bezala, 24 ordutan izango dute zabalik. Eta gogoan izan, %2,5eko deskontua aplikatuko zaie gasolindegi zerbitzua erabili ostean, Hurbilago Txartelarekin ordaintzen dutenei.