Zuhaitz dotoreenaren irudia sarituko du, Santueneko X. Argazki Lehiaketak

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 29a, 08:45

Zein ote dugu herriko zuhaitz dotoreena? Horixe erabaki nahi dute Santuenea Kultur Elkartetik 4-14 urte arteko haur eta gaztetxoentzat antolaturiko X. Argazki Lehiaketaren bidez. Udalerriko zuhaitz dotoreenari maiatzaren 30a baino lehen argazkia aterata parte hartzeko aukera dago ekimen honetan. Halere, beste ezer baino lehen, lehiaketarako izena eman beharra dago, maiatzaren 11tik 18ra, Santueneko ludotekara gerturatuta. Honatx, X. Argazki Lehiaketan parte hartzeko kontuan izan beharreko oinarriak:

1.-Argazki lehiaketaren lema, "Herriko zuhaitz dotoreena". 

2.- Lehiaketa honetan elkarteko edozein bazkidek edo herriko edozein haurrek har dezake parte, 14 urte bete gabe baldin baditu.

3.- Izena maiatzaren 11n hasi eta maiatzaren 18ra arte eman daiteke, ludotekako ordutegian.

4.-Argazki bakarra aurkeztuko da eta tamaina normalekoa izango da (bertikala edo horizontala).

5.-Lehiaketako epaimahaia, Udaletxeko Kultur Departamentuko Teknikariak, Kultur Zinegotziak eta Elkarteak izendaturiko ordezkariak osatuko du.

6.-Aurkeztutako argazkiak hiru mailatan sailkatuko dira: 4-8 artekoak, 8-11 urte artekoak eta 11-14 urte artekoak. Eta lehiaketako epaileak ere 3 balorazio egingo ditu.

7.-Adin bakoitzeko argazki bat aukeratuko da eta bakoitza 50 x 50 formatuan handituko du elkarteak. Handitutako argazki horiek prentsan argitaratuko dira eta ikusgai jarriko dira leku ezberdinetan.

8.- Irabazleei, formatu handiko argazki horiek emango zaizkie kuadro batean enmarkaturik eta irabazle ohartxoarekin.

9.-Lehiaketan parte hartu duten guztiei sari txiki bat emango zaie.

10.-Argazki hauek aurkezteko azken eguna maiatzaren 30a izango da, arratsaldeko 7retan. Ludotekan aurkeztuko dira argazkiak, gutunazal itxian, azaleran izen abizenak eta adina jarriaz.

11.- Irabazleen izenak uztailean emango dira ezagutzera.