Donostiako EMUSIK 2016 jaialdian parte hartuko du Zumartek

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 29a, 08:28

Donostia Europako Kultur Hiriburua izango den 2016an, XII. Europako Musika Eskolen Jaialdia ospatuko da bertan, EMUSIK 2016. 10.000 dantzari eta musikaritik gora bilduko ditu jaialdi erraldoiak. Hitzordua ondo prestatzeko, maiatzaren 9an, 17:00etan inaugurazio ekitaldiaren aurreestreinaldia egingo da, Anoetako futbol zelaian, 5.000 musikari eta dantzarirekin.

Tartean, Zumarte Musika Eskolako 95 ikasle izango dira. “Bertan abestu-joko diren abestiak ikasten ari dira eta gogo handiz daude bertara joateko”, musika eskolatik berri eman dutenez. Ekitaldira gonbidatu gisa joan nahi dutenek, Fnac dendara jo dezatela. 5 eurotan eskura ditzakete gonbidapenak eta kamisetak. “Gonbidatu eta partehartzaile guztiak aktiboki parte hartuko dute, horretarako ikasleak bezala bakoitzak birziklatutako bere instrumentua eraman eta gorputz perkusioko saioak ikastea komeni da”. Informazio gehiago, donostiaeskola.eus atarian.