Maiatzaren 4ra arte duzue, Askatasuna plazako haur parke berria aukeratzeko epea

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 29a, 11:20

Usurbilgo Udala berritzera doa Askatasuna plazako haur parkea. Jolastoki berriko jolasak herritarrekin batera aukeratu nahi dituzte ordea. Horregatik, Udalak herritarren iritzia bildu nahi du. Parke berriko jolasak hautatzeko lehiaketa publikoa deitu dute, eta bertara aurkeztu diren enpresen jolastoki proposamenak ezagutuko zenituzten jada, etxeko postontzian jaso duzuen eskuorri batean. Hiru proposamen daudeu, eta proposamen bakoitzaren irudiaren eta ezaugarri nagusien deskribapenaren berri ematen da. Beheko irudian duzue eskuorria.

Baina adi, proposamen bakoitza, aldi berean, bozka paper bat baita. Bertan zuen izen abizenak idatzi eta gustuko duzuen jolastoki proposamenaren alde bozkatu ahalko duzue, maiatzaren 4ra arte, Udalak jarriko dituen postontzietan. Postontziok udal erregistroan, Sutegin, Kiroldegian, edota ikastetxeetan (Haur Eskolan, Udarregi Ikastolako idazkaritzan, Zubieta eta Aginagako Eskola Txikietan) jarri ditu Udalak. Familia bakoitzeko bozka bakarra onartuko da. Herritarren bozkak jolastoki berria ezartzerakoan kontuan hartuko dira, beste irizpide batzuekin batera. "Eskaintza ekonomikoa, hornidura eta muntaketa epea, materialen berme epea, Udal Zerbitzu Sailaren balorazioa, eta herritarren aukerak baloratuko dira", Udaletik berri eman dutenez. Jolas parkea bakarrik ez, Askatasuna plaza bera ere berritu nahi du baita Udalak.