Maiatzaren 9ko Ehuntze Eguneko ekitaldiak lotu ditu Gure Esku Dagok

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 29a, 11:25

Ekainaren 21ean, oihal zatiekin euskaldunon erabakitze eskubidea gauzatzeko hautestontzi erraldoiak eraikitzeko ekitaldiak deitu ditu Gure Esku Dago mugimenduak Euskal Herriko hiriburuetan. Usurbildarrak Donostiara joatera deituak daude. Hitzordua girotzeko Ehuntze Eguna antolatu du Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak, maiatzaren 9rako. Sare sozialen bidez ezagutzera eman dute egitarau zehatza. Adi, besteak beste, antolatu duten herri bazkariari, txartelak aurrez erosi beharko baitira:

Maiatzak 9, larunbata, Mikel Laboa plazan:

11:00etatik aurrera, ekainaren 21an hautestontzi erraldoiak osatzeko erabiliko diren oihalak apaindu eta pertsonalizatzeko aukera: "Usurbilgo GED taldeak guztion eskura jarriko du materiala (errotulagailuak, haria, margoak, oihalak…) eta egon dadila lasai josten abila ez dena ere, laguntzeko prest egongo baita Usurbilgo jostun talde eder bat".

14:30 Herri bazkaria Mikel Laboa Plazan. Bi menu:

-Helduena: Oilasko paella, txekor masaila saltsan, postrea eta kafea. 15 euro.

-Haurrena: makarroiak eta izozkia. 5 euro.

Txartelak salgai maiatzaren 6ra arte: Lizardin, Bordatxon, Aitzagan, Irratin, Patrin, Aginagako Arraten eta Zubietako Alamandegin.

Ondoren, bertso musikatuak Mikel Laboa plazan: Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Jokin Labayen bertsolariekin eta Ixak Arruti, Eneko Sierra eta Urtzi Olaziregiren doinuek lagunduta. Gai jartzailea: Haritz Casabal.

Amaitzeko, oihal-katea, "egunean zehar egindako lana azaleratu eta ekainaren 21erako indartsu gaudela erakusteko".