Foru Aldundiko aurrekontuetarako proposamen bilketa, maiatzaren 7ra arte

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 30a, 11:45

Izatez ostegun hau, apirilaren 30a zen Gipuzkoako Foru Aldundiak Buruntzaldeko herritarren esku jarri dituen aurrekontuetako 2 milioi euro zertara bideratu nahi diren erabakitzeko, proposamenak biltzeko finkatua zuen epe muga. Azkenean ordea, astebete luzatu dute ekarpenak biltzeko tartea. Maiatzaren 7ra arte, datozen lau urteotan 2 milioi euro zer nolako egitasmoetara bideratu nahi zenuketen proposatzeko aukera duzue. Bi bide dituzue horretarako:

-Web orria: aurrekontuahobetzen.net/eu/ (bertan informazio gehiago).

-Postontziak: udaletxean, Potxoenean, Oiardo Kiroldegian, Sutegi udal liburutegian, Aginagako Arrate zahar egoitzan eta Zubietako Alamandegin.

Foru aurrekontuen zati bat, herritarren esku

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontuetako 20 milioi euro bideratuko ditu datozen lau urteotan, 10 eskualdeetako herritarrek gauzatu nahi dituzten egitasmoetara. “Foru Aldundiak bere aurrekontuaren zati bat herritarren esku uzten du, herritarrek beraiek erabaki dezaten diru hori zertan erabili”, ohar bidez jakinarazi dutenez. Guztira 20 milioi euro. 10 eskualde izanik, “eskualde bakoitzak 2 milioi euro izango ditu datozen lau urteotan inbertitzeko”. Tartean, Buruntzaldeak. Aldundiak herriz herri urrira arte bideratuko duen prozesu parte hartzaile baten bidez erabakiko dituzte herritarrek, diru horrekin zer proiektu gauzatu nahi dituzten.

Lehen tailerrak egin dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatu duen Partaidetzazko Aurrekontuen gaiak honako bidea jorratuko du datozen hilabete hauetan:

1-Maiatzaren 7ra arte, herritarren proposamenak jasoko dira.

2-Ekaineko bigarren astean, jasotako proposamenen artean herritarrek proiektuen aukeraketa egin beharko dute.

3-Jarraian, Aldundiko teknikarien balorazioa.

4-Iraileko bigarren hamabostaldian, herritarrek behin betiko proiektuak aukeratuko dituzte.

5-Urrian, proposamenak Foru Aldundiaren 2016ko aurrekontuetan txertatuko dira.