Langileen Eguna ostiralean, LAB-ek deituriko eskualdeko manifestazioa Hernanin

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 30a, 11:49

Eskualdeko manifestazioa deitu du LAB sindikatuak ostiral honetako Langileen Egunerako, maiatzaren lehenerako. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da Gudarien Plazatik, eta amaieran, Tilosetan ekitaldia egingo dute. Deialdia, apirilaren 23an eskualdeko ordezkariekin eginiko batzarraren ostean egin zuten. Zer ospaturik ez, baina harro egoteko arrazoiak badirela aipatzen dute LAB-etik. Harro, aipatu sindikatuko kide izan eta “borrokatzen dugun langileak garelako”. Aurtengo maiatzaren 1ak berezitasunik ere baduela nabarmentzen dute, “40 urte bete berri ditugula burutzen dugulako". Jarraian, Maiatzaren 1ari begira, LAB sindikatuak plazaratu duen irakurketa:

Irudia: LAB sindikatua.

2015, maiatzaren lehena

Maiatzaren Lehena ez da ospakizun egun bat, ez dugu ezer ospatzeko. Baina badugu zertaz harro egon, baditugu harro egoteko arrazoiak.

  • Harro gaude langileak garelako. Gu gara Euskal Herria aurrera ateratzen dugunak, izan ere, langilerik gabe ezinezkoa da Herri bat aurrera ateratzea. Gobernuek ordea langileria mespretxatzea, inolako mugarik gabe zapaltzea erabaki dute, gutxi batzuen mesedetan herria pobretuz. Hartu ahal zuten biderik ankerrena hartu dute.

Herri honek etorkizuna izatea nahi badugu ez da posible langileoi eskaintzen zaigun bakarra pobrezia, prekarietatea eta bazterketa soziala izatea.

  • Harro borrokatzen dugun langileak garelako.

Hauteskundeak gerturatzen ari diren heinean hamaika lanpostu suntsitu dituzten agintari politikoen ahotik enpleguaren sorrera eta defentsa entzuten dugu. Orain arte ordea langileok bakar bakarrik aritu gara lanpostuak defendatzen, aipatu politikoek sinatzen zituzten EREen kontra borrokan. Politikoek horiek onartzen zituzten erreformen aurka borrokan, zerbitzu publikoen kalitatea ziurtatzeko borrokan.

  • Eta harro gaude LABekoak garelako. Hau ez dugu sekula esaten eta ezta ere aldarrikatzen. Baina guretzat Maiatzaren Lehen honek badu bere berezitasuna, 40 urte bete berri ditugula burutzen dugulako. Eta ez dugu ezkutatuko: harro gaude lau hamarkada hauetan LABek Euskal Herrian egin duen borrokagatik, askapena ekarriko digun bidean egin duen ekarpenagatik; eta harro gaude milaka eta milaka langilek LABen ikusi dutelako zapalkuntzaren kontra borrokatzeko tresna egokia. Hala erakusten dute hauteskunde sindikalen epe trinkoa igaro ondoren datuek, gu izan baikara igo garen sindikatu bakarra Euskal Herri osoan.

40 urtetako eskarmentua dugu, baina arrazoia edukitzea ez da nahikoa. Indarra behar dugu, garaipenak lortzeko bide egokiak bilatzen jakin beharra daukagu, erasoen aurrean benetako harresiak eraikitzeko eraginkorrak izaten jakin beharra dugu.

Hori dela eta gure sindikalgintza eraberritzeko asmoa daukagu, asmo irmoa. Horregatik hasi dugu eredu berriaren inguruko eztabaida, orain hasi eta hurrengo Kongresuan itxiko dugun eztabaida. 40 urte hauek heldutasuna eman digute, aurrera begiratzeko oinarri sendoa. Guk handitzen eta indartzen jarraitu nahi dugunez sindikatua eta sindikalgintza eraberritu behar dugula uste dugu. Langileei borrokarako eskaintza eraginkorrak emateko sindikalgintza egiteko eta ulertzeko modu berria behar dugu, eta hori da LABek duena eskaintzeko.

Maiatzaren 1ean, azken urteotako ohiturari jarraiki, mobilizazioak Euskal Herri osoko eskualde desberdinetan egingo ditugu. 20 mobilizaziotik gora deitu ditugu eta hau da gure ustez gure militantzia aktibatzeko eta motibatzeko modua.

Baina badugu beste arrazoi bat gure aldarria eskualdeetara eramateko: milaka langile LABek esateko duena entzutera etorri baino askoz ere emankorragoa da langileak eta langileon aldarrikapenak plazara ateratzea, euskal herriko eskualde guztietan ikusgarriak egitea eta Durangon edota Lizarran, Hernanin bezalaxe, Maiatzaren Lehenean langileok mobilizatzen jarraitzen dugula ikustaraztea.

Arrazoi guzti hauengatik langile guztiei dei egiten diegu Maiatzaren 1ean Hernanira hurbil daitezen, 12.00tan Gudarien enparantzatik abiatuko den manifestaziora.

LANGILEOK BORROKAN, EUSKAL HERRIAK ALDAKETA