Buruntzalderako alkategaiak aurkeztu ditu EAJ-PNVk

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 30a, 11:35

Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetarako Buruntzaldeko hautagaiak aurkeztu ditu ostegun honetan EAJ-PNVk, Urnietan ospaturiko ekitaldian. Udal hauteskundeei dagokienez, Usurbilgo zerrenda burua, egun jeltzaleen ordezkaria, Josune Urkola izango da. Eta eskualdeko gainerako udalerrietakoak:

-Usurbil: Josune Urkola.

-Urnieta: Mikel Pagola.

-Lasarte-Oria: Estitxu Alkorta.

-Hernani: Andoni Amonarraiz.

-Astigarraga: Jesus Mari Santos.

-Andoain: Mari Jose Izagirre.

Gipuzkoa ireki eta modernoaren defentsa

Ekitaldian, Joseba Egibarrek eta Markel Olanok parte hartu zuten. Maiatzaren 24ko hauteskundeetan bi ereduren artean hautatu beharko dute herritarrek, jeltzaleen esanetan. “EAJ-PNVk proposatzen duen Gipuzkoa zabal, moderno eta gizarte zabalaren edota ezker abertzalearen sistemaren aurkako modelo itxiaren artean”.

Nabarmendu du EAJ-PNVk “Gipuzkoa zabal eta modernoa defendatuko duela, gizarte irekia, alegia”. Eta, hori lortzeko, aurreratu du jeltzaleek herri honen errealitatea eta nahiekin lotutako proiektuak babestuko dituztela. Horrez gain, hazkunde ekonomikoa, lanpostuen sorrera eta gizarte justiziaren aldeko apustua berretsiko dutela aurreratu du, "bai eta gure herriaren garapen politikoaren alde lan egiten jarraituko dutela ere".

Eredu sozio-ekonomiko indartsua, gizarte justizia eta egitura politiko propioa

Gogor kritikatu zuen Egibarrek, Bilduk legegintzaldi honetan erakundeetan eginiko kudeaketa. Izan ere, uste du “ezker abertzaleak nahastu egin dituela bere interes eta urgentzia propioak, eta Gipuzkoaren benetako lehentasunak”. Horren aurrean, argi utzi nahi izan du zein diren jeltzaleen helburu nagusiak: “Eredu sozio-ekonomiko indartsua sortzea, gizarte justizian oinarritutako gizartea eraikitzea eta Euskadiri egitura politiko propioa ematea”.

“Ezker abertzalearen inposiziorako joeraren aurrean, guk errespetua eta integrazioa defendatuko ditugu; totalitarismoaren aurrean, gure errezeta demokrazia eta demokrazia da”, erantsi du. Ondorioztatu du “Euskadiren eraikuntza soziala eta nazionala bateraezinak direla Sorturen totalitarismoarekin”. Gaineratu duenez, “Gipuzkoarrek aurrera egiteko daukaten ahalmena eta gaitasuna Bilduren blokeorako eta inposiziorako joeraren gainetik daude”.