Jai parekideen aldeko formazio saioa, #Kilometroak15-en maiatzeko ekimen zikloa hasteko

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 4a, 13:56

Tonbola, "Hamen bea" herri antzezlana, prebentzio tailerra eta jai parekideen aldeko formazio saioa. #Kilometroak 15 egitasmoari loturiko ekintzez betea datorkigu hasi berri dugun hilabete hau ere. Hasteko, #Kilometroak 15, Matrakak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko jai parekideen aldeko bigarren formakuntza saioa, asteazken honetan, 18:00-20:00 artean Potxoenean. Apirilaren 15ean hasitako lanketaren segida, Miren Guillo, Emagin elkarteko kidearen eskutik.

"Kilometroak 2015-aren antolaketan eta programatuko diren ekintzetan parekidetasun irizpidea txertatze aldera, jaien inguruko hausnarketatik abiatuz, jai parekideak sustatzeko giltzarriak jorratuko dira. Festa dezagun gaurdanik geroa dokumentala ikusteko aukera izango da, emakumeen parte hartzearen eta jai ereduen inguruko gogoeta feministetatik abiatzen den Euskal Herriko jai ereduen erakusleiho txiki bat".

Matrakak Usurbilgo Talde Feministak ere formazio saioan parte hartzeko gonbita luzatzen dute. "Guztiok diogu nazkatuta gaudela jaietan (eta jaietatik kanpo) ematen diren erasoetaz, guneek guztiontzat seguruak eta atseginak izan behar dutela, ligoteoa gustatzen zaigula sanoa baldin bada, ordu txikietan etxera bakarrik joateak beldurrik ez ligukeela eman behar eta musikaz, parrandaz bezala, gozatu nahi dugula objektu sentitu gabe. Baaaa... ez daukagu aitzakiarik!! Ez Gattunk gutxiago izango, ezta? Maiatzaren 6an (asteazkenak biak) arratsaldeko 18:00tatik 20:00tara Potxoenean jai parekideen aldeko formakuntza. Animatu!".

#Kilometroak15, datozen hitzorduak

Maiatzak 6, asteazkena

18:00-20:00 Jai parekideen aldeko formazio saioa Potxoenean.

Maiatzak 10, igandea

Herri Urrats Senperen. Seaskako ikastolen aldeko festa egunera joateko gonbita luzatzen dute #Kilometroak15-etik.

Maiatzak 14, osteguna

18:00 Prebentzio tailerra Potxoenean.

Hizlariak: Izar Arregi, Lukene Lizaso eta Felix Zubia.

Maiatzak 16, larunbata

19:00 "Hamen bea" herri antzezlana Sutegin.

Antzezleak: Maitere Alkorta, Kerman Errekondo, Mikel Alkorta, Alberto Pikabea, Pako Agudo, Mikel Elexpe, Paulino Ibargoien eta Iñaki Agirresarobe.

Zehaztasunak: "Kmk 2015-eko aurkezpen ikuskizuneko Txamuntoko eskenaren jarraipena izango da. Beñardoren sagardotegian gertatzen diren pasarteak eta gora beherak ikusteko aukera".

Sarrera: 3 eurotan Lizardin eta Txirristran.

Maiatzak 17, igandea

XXXIV. Sagardo Egunez, #Kilometroak15-en aldeko tonbola, Aritzetako izkinan. Tonbolarako materiala uzteko prest dagoenak, deitu dezala Udarregi Ikastolako idazkaritzara (943 361 216) edo deitu antolatzaileei (633 155 879, Ana).

Antolatzailea: #Kilometroak15.