Usurbilgo EHBildu herri programa ezagutarazi eta herritarren iritziak biltzen segitzeko asteotarako deitu duen bilera errondaren baitan, asteazken honetan, 19:00etan aurkezpen saioa antolatu dute Zubietako Kaxkapen.
Herritarrekin elkarlanean
Herriarekin batera eta herriarentzat lan egitea izango da, Usurbilgo EHBilduren datozen 4 urteotarako eginkizun nagusia. Hala zioten koalizioak maiatzaren 24ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen taldeko kideek, hilabete hauetan herritar eta eragileekin batera landuriko herri programa aurkezteko, astelehenean hasi zuten aurkezpen bilera errondan. Auzoz auzo osatuko duten ibilbidea, Kalezarko Haur Eskolan abiatu zuten.
Hauteskundeetara aurkeztuko den taldeak, arloz arloko egitasmo azpimarragarrienak laburbildu zituen. Herri programa osatzeko egin den prozesua ere iruditan ikusteko aukera izan zuten. Apirilaren 26an Dema plazan egindako hautagai taldearen aurkezpen ekitaldikoak ere bai.
Herritarren iritziak biltzen segi nahi
Udal hauteskundeetara aurkeztuko den taldetik azpimarratu dutenez halere, saio hauek ez dira herri programa aurkezteko soilik. Orain arte egin duten moduan, herritarren iritzi eta proposamenak biltzen segitzeko baizik. "Herri programak irekia segitzen du", gogorarazi zuen Xabier Arregi, EHBilduko alkategaiak, Haur Eskolako aurkezpenean. Bere esanetan, programa egunez egun osatzen segi behar da.
Horretarako, herritarren iritziak jasotzen jarraitzea ezinbestekotzat jotzen dutenez, aurkezpen bilerok ez dira herri programaren nondik norakoen berri jasotzeko bakarrik, parte hartzeko baita. Kalezarko Haur Eskolako ekitaldia bezala. Herri programaren lerroburuak entzun ostean, bertaratu zirenek hartu zuten hitza. Entzundakoaren inguruan proposamenak egin edota iritziak emateko tartea zabaldu zuten. Esandakoen artean, kezka bat mahai gaineratu zuten; gazteen parte hartze falta herrigintzan. Proposamenik bazen baita; zenbat herritar partaide dituen jakinik, herriko kirol mugimendua zaindu beharraz hitz egin zen.
Lerroburuak
2015-19 legegintzaldian, Usurbilgo EHBilduk bideratu asmo dituen proiektuak ugariak eta anitzak dira. Ezin denak kabitu hemen. Labur labur, astelehenean Haur Eskolan egin zuten aurkezpenean, arloz arlo gauzatu nahi dituzten proiektu nagusien berri eman zuten:
-Parekidetasuna: II. Parekidetasun Plana lantzea.
-Tokiko Garapena: bertako produktuak eta aktibitate sozioekonomikoak zaindu eta bultzatzea.
-Gizarte Zerbitzuak: behar handiena dutenen zainketa.
-Lurralde antolaketa: udalerriaren garapen jasangarria bultzatzea.
-Udal zerbitzuak: argiteria eta ur sarean inbertsioak, udal lokalen erabilera sustatzea…
-Ingurumena: zero zabor bidean sakontzea, erraustegiaren mehatxuari aurre egitea, kutsaduraren inbentarioa egitea…
-Nekazaritza: sektorearen gainbeherari frenoa jartzea, sektore honetako langileen lanaren errekonozimendua…
-Hezkuntza: eskolek presentzia aktiboa izatea herrigintzan, Hezkuntza Mahaiak lanean segitzea…
-Aniztasuna: euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea udalerrira bizitzera datozenei.
-Euskara: erabilera sustatzeko neurriak, doako euskalduntze prozesua…
-Kirola: kirol taldeen bilgunea osatzea, entrenatzaileen formazioa…
-Gazteria: parte hartze zuzena sustatzea, espazio autogestionatuak bultzatzeko saiakera egitea…
-Parte hartzea: herriaren zerbitzura egongo den udal irekia izatea.
Datozen herri programaren aurkezpen saioak
Maiatzak 6, asteazkena
19:00 Zubietako Kaxkapen.
Maiatzak 8, ostirala
20:00 Kanpaina hasierako pegada kalejiran, Sutegi aurretik abiatuta.
Maiatzak 11, astelehena
19:00 Aginagako ludotekan.
Maiatzak 13, asteazkena
19:00 Santueneko auzo elkartean.
Maiatzak 16, larunbata
12:30 Kaxkoan, Sutegi aurrean: Pintxotxotx solasaldia hautagaiekin.
Herri programa osoaren berri jasotzeko eta informazio gehiagorako:
Twitter: https://twitter.com/EHBilduUsurbil
Facebook: https://www.facebook.com/EuskalHerriaBilduUsurbil
EHBildusurbil bloga (Noaua!): http://www.noaua.eus/author/ehbildu-usurbil/
EHBildusurbil bloga (EHBildu): http://usurbil.ehbildu.eus/