Gogoan izango duzue. Iazko ekainean izan zen. Erabakitzeko eskubidearen alde jendetza batu zen Durangotik Iruñera egin zen giza-katean. Gure Esku Dago taldeak beste ekimen bat prestatu du ekainaren 21erako. Hiriburuetan batzeko deia zabaldu dute. Eguerdi partean, “oihal-giza katea egingo da eta ondoren futbol estadioetan ekitaldi ikusgarria izango da: bertan oihal ezberdinekin hautestontzi erraldoia osatu eta erabakitzeko eskubidea irudikatuko da”. Girotzen joateko, Ehuntze Eguna antolatu dute larunbat honetan Usurbilen.
Euskal Herriko auzo eta herri askotan, aurreko asteburuan ospatu zuten Ehuntze Eguna, (edo Joste Eguna, bi adieraz–pideak baliatu dituzte). “Guk Usurbilen maiatzaren 9an egingo dugu. Orain arteko lana azaleratu eta ekainaren 21erako indarra hartzeko asmoz. Erabakitzeko Eskubidearen alde josten ari garen sarea azaleratzeko ordua iritsi da, beraz”, Usurbilgo Gure Esku Dagok (GED) aditzera eman duenez. Larunbat honetan, Mikel Laboa plazan, bat egingo dute jaiak eta aldarrikapenak.
Goiz partean, josteko tailerrak
11:00etatik aurrera, ekainaren 21ean hautestontzi erraldoiak osatzeko erabiliko diren oihalak apaindu eta pertsonalizatzeko aukera egongo da. “Usurbilgo GED taldeak guztion eskura jarriko du materiala (errotulagailuak, haria, margoak, oihalak…) eta egon dadila lasai josten abila ez dena ere, laguntzeko prest egongo baita Usurbilgo jostun talde eder bat”.
Eguerdian, bazkari herrikoia
“Goiz guztian zehar jostun lanetan ibili ondoren gose apur bat egingo zaigula pentsatuta, bazkari herrikoia prestatu dugu 14:30ak ingururako. Menu arruntaz gain (oilasko paella, txekor-masailak saltsan, postrea eta kafea), haurrentzako menu berezia (makarroiak eta izozkia) ere izango da aukeran, Mikel Laboa plazan ahalik eta herritar gehienok bildu gaitezen”.
Txartelak maiatzaren 6ra arte egongo dira salgai 15 eta 5 eurotan; Usurbilen Bordatxon, Irratin, Aitzagan, Patrinen eta Lizardin, Aginagan Arraten eta Zubietan Alamandegin.
Bertso musikatuak
Bazkalondoren, bertso musikatuekin gozatzeko aukera izango du Mikel Laboa plazara hurbildu nahi duen guztiak. Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Jokin Labayen arituko dira bertsolari lanetan, Haritz Casabalek jarritako gaiek eta Ixak Arruti, Eneko Sierra eta Urtzi Olaziregiren doinuek lagunduta.
Amaiera ekitaldia
Bertso musikatuen ondoren eta Ehuntze Eguna ixteko, “oihal-katea osatuko dugu guztion artean, egunean zehar egindako lana azaleratu eta ekainaren 21erako indartsu gaudela erakusteko”.
Aipatutako ekintzez gain, informatu, kide egin edo kamiseta berria erosi nahi duen orok aukera izango du Mikel Laboa plazara hurbilduz gero.