Zubietako Herri Batzarreko hauteskundeetarako mahaikideak hautatu dituzte

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 6a, 04:22

Ostegun gauerdian abiatuko den hauteskunde kanpainarako azken prestaketa lanak egunotan. Zubietako Herri Batzar berria osatzeko, maiatzaren 24an Alamandegi etxean kokatuko den bozka emateko mahairako, Zubietan helbideraturiko kide usurbildarrak hautatu ditu Udalak zozketa bidez, asteazken goiz honetan. Saioa, udaleko idazkari berriak, Garazi Etxeberria San Miguelek bideratu du. Nagore Sarasola Oterminek utzitako lekua hartu berri du Etxeberriak.

Hautatuek egunotan jasoko dute jakinarazpena, eta maiatzaren 24an goizeko 8:00etan Alamandegi etxean egon beharko dute, mahaia osatzeko lanak prestatzeko. Bozkatzeko ordutegia, 9:00-20:00 artekoa izango da. Aurrez bozkatzeko aukera egongo da baita maiatzaren 18an.

Sei kideek osatuko dute Zubietako Herri Batzarra; Zubietan helbideratuak dauden 3 donostiarrek eta 3 usurbildarrek. Batzar kideak izateko hautagaien izen abizenak, ostegun honetan, maiatzaren 7an emango dira ezagutzera. Udaleko tabloian egongo da ikusgai zerrenda. Ekainaren 21ean eratuko da Herri Batzar berria. Lehen bi urteetan, donostiarrek hautaturiko alkatea egongo da bi urtez. Usurbildarrek hautaturikoa, 2017-19 urte artean:

Egutegia

-Maiatzak 7, osteguna: hautagaien aldarrikapena.

-Maiatzak 18, astelehena: aurrez botoa emateko aukera Usurbilgo udal idazkaritzan, goizeko 8:30etatik arratsaldeko 15:00etara.

-Maiatzak 24, igandea: bozka eguna, 9:00etatik 20:00etara, Alamandegi etxean.

-Ekainak 21, igandea: Herri Batzarraren eratzea. Donostiarrek hautaturiko alkatearen izendapena, bi urtetarako.

-2017an, alkate aldaketa. Usurbildarren bozka gehien jasotako hautagaia alkate, bi urtetarako.

Eraketa

Zubietako Herri Batzarrak honako funtzioak ditu:

1-Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.

2-Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietaz.

3-Donostiako eta Usurbilgo Udaletan, bai elkarrekin bai banaturik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.

4-Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.

5-Udalek Batzarrari eskuratuko dizkien fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.

6-Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.