Udal eta foru hauteskundeekin batera, Zubietako Herri Batzar berria osatzeko bozka eguna izango da maiatzaren 24a. Erakundea eraberritzeko prozesua abiatu da. Asteazken honetan, bozketa egunerako mahaikideak hautatu zituen Usurbilgo Udalak, zozketa bidez. Eta ostegun honetan ezagutzera eman berri dira, Herri Batzar berrirako 3 hautagai usurbildarrak nortzuk izango diren:
-Aizpea Aizpurua Arroio.
-Itziar Basterrika Unanue.
-Joxe Mari Zubimendi Urdanpilleta.
Zubietan helbideraturiko Donostiako 3 hautagaiak ere ezagutzera eman dituzte. Honako hauek dira:
Narciso Arrillaga Balda
Mikel Bengoetxea Iparragirre
Fernando Iturralde Zabala
Gogoan izan, sei kideek osatuko dute Zubietako Herri Batzarra; Zubietan helbideratuak dauden 3 donostiarrek eta 3 usurbildarrek. Maiatzaren 24ko bozketen ostean, ekainaren 21ean eratuko da Herri Batzar berria. Lehen bi urteetan, donostiarrek hautaturiko alkatea egongo da bi urtez. Usurbildarrek hautaturikoa, 2017-19 urte artean:
Egutegia
-Maiatzak 7, osteguna: hautagaien aldarrikapena.
-Maiatzak 18, astelehena: aurrez botoa emateko aukera Usurbilgo udal idazkaritzan, goizeko 8:30etatik arratsaldeko 15:00etara.
-Maiatzak 24, igandea: bozka eguna, 9:00etatik 20:00etara, Alamandegi etxean.
-Ekainak 21, igandea: Herri Batzarraren eratzea. Donostiarrek hautaturiko alkatearen izendapena, bi urtetarako.
-2017an, alkate aldaketa. Usurbildarren bozka gehien jasotako hautagaia alkate, bi urtetarako.
Funtzioak
Zubietako Herri Batzarrak honako funtzioak ditu:
1-Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
2-Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietaz.
3-Donostiako eta Usurbilgo Udaletan, bai elkarrekin bai banaturik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.
4-Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
5-Udalek Batzarrari eskuratuko dizkien fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
6-Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.