Foru Aldundiko gobernu taldeko 6-7 ordezkari, Martin Garitano Diputatu Nagusia tartean, ostegun arratsaldeko 19:00etatik aurrera Artzabalen izango dira, herritarren galderak, proposamenak, iritziak entzuteko prest.
Batzar ireki honekin amaituko du Foru Aldundiko ordezkaritza batek, maiatzaren 7 honetan Usurbilen egiten ari diren egun osoko bisitaldia. Usurbilgoa, legegintzaldi hasieran abiaturiko "Herritarrekin herrira" ekimenaren baitako azken bisita dute foru ordezkariek. Legegintzaldia amaitzear baita. Bisitaldiaren helburua, Martin Garitano Ahaldun Nagusiak azaldu dio NOAUA!ri.
"Aldiro saiatzen gara herri ezberdinetara joaten, egun osoko bisita egiteko, herri txiki, ertain eta handietara. Problematika ezberdinak izaten dituztelako, tamainaren arabera. Eta horrekin osatzen dugu egunero jasotzen dugun informazioa, departamendu ezberdinetan. Azkenean, bisita honetan hainbat eragile, udal langile, herritarrekin, enpresariekin biltzen gara eta jarduna amaitzerakoan herriaren erradiografia oso bat izaten dugu. Horrela jakin ahal dugu zeintzuk diren betebeharreko lehentasunezko premiak, zeintzuk diren bigarren mailakoak eta horrek guri laguntzen gaitu, gu laguntzen gaitu lanerako", Garitanok azaldu digunez.
Udal langileekin edota Udarregi Ikastolan egon dira goiz partean. Egunean zehar, zenbait enpresa bisitatuko ditu Foru Aldundiko ordezkaritzak. Komertzioetako kideekin ere egongo dira. Usurbilen egiten ari diren bisitaldia ez dute ezerezean geratzerik nahi. Diputatu Nagusiaren esanetan, "jasotzen dugun informazioa hor geratuko da Aldundian, hurrengo lan taldeak ere lan eta ekimenak bultzatu ahal izan ditzan".
Bisitaldia, Aldundia herritarrengana gerturatzeko
Erakunde barruko lanerako soilik ez, herritarrekin hartuemanetan egoteko, herritarrengana gerturatzeko baliatu nahi dute Usurbilen egiten dabiltzan bisitaldi hau. "Informazio asko jaso nahi dugu, herritarrei gertutasuna erakutsi ere. Diputazioa ez da Donostian dagoen jauregi dotore bat, herriz herri dabilen ekimen sozial eta politikoa baizik. Gaur usurbildarrekin egotea da gure asmoa", adierazi du Garitanok.
19:00etan Artzabalen deitu duten batzarrarea gonbidatu ditu usurbildarrak. "Esperientziak erakusten digu oso interesgarria dela batzar irekia. Azkenean horrek errazten du herritarren zalantzak, kezkak eta iradokizunak bertan plazaratzea. Aldunditik 6-7 lagun etorriko gara, arlo ezberdinetako arduradunak, herritarrengandik gertu egon nahi dugulako eta eta herritarrekin lan egin behar dugu. Horretarako herritarren kezkak eta kritikak ere entzun behar dira", azaldu dio Ahaldun Nagusiak NOAUA!ri.