"Lasa eta Zabala" eta "Erdibana" asteburuan, Jexux Artze K.E.-ren eskutik

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 8a, 08:57

Jexux Artzeren omeneko ekitaldien asteburua hemen dugu. Ostiral eta larunbat honetan, gaueko 22:00etatik aurrera Sutegin, "Lasa eta Zabala" filma eta "Erdibana" antzezlana hurrenez hurren. "Lasa eta Zabala" ikusteko bi sarrera ditugu, NOAUA!ko bazkideon artean zozketatzeko. Parte hartzeko idatzi erredakzioa@noaua.eus helbidera, ostiral hau, maiatzaren 8a baino lehen. Sarituaren berri, ostiralean bertan jakinaraziko dugu atari honetan. Honatx, Jexux Artzeren omeneko ekitaldien inguruko zehaztasun gehiago:

Maiatzak 8, ostirala

22:00 "Lasa eta Zabala" film proiekzioa Sutegin.

Sarrerak: 5 eurotan Lizardin aldez aurretik eta egun berean leihatilan.

Zuzendaria: Pablo Malo.

Sinopsia: "1983. Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal errefuxiatuak Baionan desagertu dira aztarnarik utzi gabe eta, jarraian, GAL deritzonaren atentatu andana bati hasiera emanez.

1995. Alacanteko poliziak kasu zahar bat irekiko du berriro, erailda eta kare biziz lurperatuta agertu ondoren hamar urtez identifikatu gabe egon diren bi gorpuak Joxean eta Joxirenak izan daitezkeela susmatuz.

Gorpuak etxeratu eta Tolosan lurperatuak izango dira, tentsio handiko giroan hara bildu diren ertzainekin. Handik laster sumarioa irekitzen denean, Iñigo abokatua eta Fede bere laguntzaile gaztea, epaile instruktorearekin eta fiskalarekin elkarlanean, Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren koronelaren eta Elgorriaga gobernadore ohiaren inguruan ikertzen hasiko dira, hauek Joxean eta Joxiren bahiketan eta erailketan erantzukizuna badutela antzeman arte. Baina, hala frogatzeko bide luze eta bihurrian, botereari atxikita dauden etsaien joko zikinari aurre egin beharko diote bien biziak arrisku larrian jarriz".

Maiatzak 9, larunbata

22:00 "Erdibana" antzezlana Sutegin.

Taldea: Txalo.

Zuzendaria: Begoña Bilbao Lejarzegi.

Antzezleak: Jose Ramon Soroiz, Iker Galartza.

Sarrera: aurrez Lizardin 8 eurotan, edo egunean bertan Sutegin, 10 eurotan.

Edukia: "Ama bat jada urteetan sartua, enbolia eta gripearekin, baina hiltzeko oso gogo gutxi. 45 urteko semea du, hondatzen ari den enpresaren jabea bera, eta bera zaintzen duen 38 urtetako beste bat. Jehova testigu batek asteazkenero bisitatzen ditu, kontu libreta asko dauzkate, baina aurreztuta oso diru gutxi. Etxe baten jabe dira, baina derrigorrean saldu beharrean aurkitzen dira. Gauerdian, konta ezin daitezkeen sekretuak azaleratuko dira. Komedia eder eta berezi honetan, algara artean gozatuko dugu minutu bakoitza".

Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.