Ate joka, 6 egun baino ez igandeko XXXIV. Sagardo Egunerako

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 11a, 09:43

Badatorrela usurbildarren festa kuttunena. 6 egun baino ez XXXIV. Sagardo Egunerako. Egunotan, jai egun handirako udalerria nola apaintzen duten ikusiko dugu. Girotzen hasiko gara. Eta igandean festara. Azken hilabete hauetan prestaketa lanetan aritu diren Sagardo Egunaren Lagunak taldekoen eskutik, urtero moduan, herritar edo herri eragile, talde, elkarte batek izango du, maiatzaren 17ko jaialdia abiatzeko ohorea. Nor edo nortzuk diren ezagutu nahi badituzue, gerturatu igande goizeko 11:30etan frontoira. Eta une horretatik aurrera, denok dantza batean joango zaigun egunaz gozatzera:

Maiatzak 17, igandea: XXXIV. Sagardo Eguna

11:30 Irekiera ekitaldia frontoian.

Goizean zehar, baserriko, labeldun eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardoa dastatzeko aukera. Honez gain, pintxo aukera zabala.

Arratsaldean zehar, “Elektro Patxaranga” kaleetan zehar.

Etxekoak eta herrialdekoak

Herrikoak, eskualdekoak, Gipuzkoakoak, baserrietako sagardoa, labelduna, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideek ekoitzitakoa… Postu eskaintza zabala maiatzaren 17ko Sagardo Egunean ere. Eskuratu zuen edalontzia frontoi sarreran eta egin osteratxoa, pilotalekuan, Dema eta Askatasuna plazetan kokatuko dituzten postuetatik barrena. Herritarrak edari preziatua zerbitzatzeko prest aurkituko dituzue. Zerbitzariez ari garela, antolatzaileek eskertuko dute sagardo botatzaileen laguntza. Ohi bezala, jaialdia hasi baino lehen, goizeko 8:00ak aldera bildu ohi dira frontoian.