Alemaniako Hannover hirian burutu berri den “Waste‐to‐Resources” TMB plantei eta birziklapenari buruzko Nazioarteko VI. Sinposiumean, hondakinak tratatzeko Zubietan aurreikusia dagoen proiektu berria aurkeztu du, Antton Lete ingeniari industrialak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) zuzendari nagusiak. Kontsortziotik berri eman dutenez, harrera ezin hobea izan du egitasmoak biltzarreko partaideen artean. "Biltzarreko txostengileen eta kideen aintzatespena eta txaloak jaso ditu; horrez gain, bertaratuek interes handia agertu dute planta diseinaturik dagoen material-berreskurapenaren maila altuekiko eta partzuergoak azken frakzio ez birziklagarrirako planteatu duen konponbidearekiko", GHK-k prentsa ohar bidez berri eman duenez.
Proiektuaren oinarriak zeintzuk diren azaldu du Letek eta Rolf Sieksmeyer proiektuaren ingeniariak. Honela aurkeztu dute proiektua: "Jatorrian bereizi ez diren hondakinen berreskurapen materiala ahalik eta gehien bermatzea, eta birziklatu ezin daitekeen azken frakzioa inertizatzea, zonalde degradatu batean xede horretarako egokituriko biltegi batera eraman baino lehen, zonaldea berreskuratzeko proiektu bati lotua".
Erraustegia alboratzeko zergatien berri
Hondakinen tratamendu planta berriak, erraustegia ordezkatuko du. Gogoan izan, hondakinen kudeaketari dagokionez, amaitzear den legegintzaldi honetan utzi dela bertan behera Zubietako errauste planta proiektua. Besteak beste, neurriz gaineko dimentsioa zuelako, Hannoverren GHK-ko ordezkariak azaldu ahal izan duenez. "Aurreikusita baitzegoen urtean 320.000 tona hondakin nahasi jasotzea, eta, behin lehortuta, 260.000 tona geratzea errausteko. Hauxe zen erraustegiaren ahalmen nominala. Gaur egun, ordea, 170.000 tona hondakin nahasi jasotzen dira, eta behin lehortu ondoren, 120.000 tona inguru izango lirateke. Erraustegiaren neurriz gaineko dimentsionamendu nabarmen horren ondorioz, hondakinak Gipuzkoa kanpotik ekarri beharko ziratekeen plantaren bideragarritasunari eutsi ahal izateko, eta horrek ingurumen kalte larria ekarriko ziokeen lurraldeari, planta eraikitzearen gehiegizko kostuaz gain, 500 milioi euroan baloratua baitzegoen", GHK-tik adierazi dutenez.
Irudia: GHK.