Kadete eta senior mutilen futbol taldeen neurketa erabakiorrak asteburuan Haranen

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 13a, 09:04

Harane zaletuez bete nahi du Usurbil F.T.-k larunbat honetan. Etxeko bi talde animatzera joateko gonbita luzatu digute; kadete mutilak eta Ohorezko Mailan lehiatzen ari den senior mutilen taldea. Kadeteek Kopako final laurdena jokatuko dute larunbat eguerdiko 12:00etatik aurrera. Eta 17:00etan Ohorezko Mailari eusteko neurketa erabakiorra jokatuko dute senior mutilek.

Ohorezko Mailari eusteko neurketa erabakiorra

Senior mutilen taldeak neurketa garrantzitsua jokatuko du larunbat honetan, 17:00etan Haranen, Hernaniko taldearen aurka. “Lehengo urtean, ohorezko mailara igotzeko taldeak sekulako lana egin zuen eta baita lortu ere. Aurten, maila berrian, gauzak ez dira berdin joan, gorabehera dezente izan dira. Baina orain, maila mantentzeko aukerekin dago taldea. Azken jardunaldiko garaipenarekin eta gertu dauden taldeen berdinketekin, maila mantentzeko aukerak handitu dira. Bi partiden faltan, gure esku dago maila mantentzea”, Usurbil FT-tik berri eman dutenez. Etxekoak animatzera joateko gonbita luzatzen dute: “Jantzi daukazuen kamiseta gorria, hartu bufanda eta etor zaitezte gure taldea animatzera!”. Hala egiten duenak, atsedenaldian egingo den bi sariren zozketarako errifa jasoko du doan. Afari bat eta txuletak eta ardo botila irabazi ditzakezue.

Kadete mutilen Kopako final laurdena

Larunbat honetan 12:00etan Haranen. “Usurbil Futbol Taldeko kadeteek partida polita izango dute larunbatean. Azken jardunaldian kopako lehiaketan aurrera egiteko lehen pausua eman zuten. Partidaren ostean oso pozik ageri ziren usurbildarrak”, diote Usurbil F.T-tik. Larunbatean final laurdena jokatuko dute. “Kamiseta gorria jantzi eta etorri Haranera taldeko mutilak animatzera!”, Usurbil FT-koen gonbita.

Asteburuko neurketak

Maiatzak 16, larunbata

10:00 Alebinak: Udarregi 5A-Udarregi 5B

10:00 Alebinak: Udarregi 6B-Langile A

11:00 Alebinak: Udarregi 6A-Astigarraga

12:00 Kadete mutilak: Usurbil F.T.-Vasconia C.D.

17:00 Ohorezko Maila: Usurbil F.T.-Hernani C.D.

Maiatzak 17, igandea

09:00-11:30 Futbol Eskola: Usurbil F.T.-Orereta Kafea, F.C.

Usurbil Cup-eko bilera

Usurbil FT-k deitutako bilera ostiral honetan, maiatzak 15, 19:00etan Potxoenean, “araudia, egutegia eta egon daitezkeen zalantzez hitz egiteko”. 38 taldek eman dute izena aurtengo ediziorako. Maiatzaren 22an abiatuko da txapelketa.

Kirol munduko arau eta baloreen inguruko hitzaldia

Maiatzaren 28an 19:00etan Potxoenean, Usurbil FT-k antolatuta. Luis Zulaika adituak eta herriko zenbait kirolarik ere parte hartuko dute, Haritz Zubiaurrek bideratuko duen hitzaldian. Kirol munduko arau eta baloreak, eta neska-mutilek zenbat urterekin hautatu behar duten kirol jarduera bat, horiexek ahotan hartuko dituzten gaiak. “Usurbildar guztientzat irekia izango da hitzaldia. Anima zaitezte!!”, luzatu dute gonbita Usurbil F.T.-tik.

Irudiak: Usurbil F.T.