Usurbilgo Hamaikabat: "Ez agurrik"

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 13a, 11:08

Usurbilgo Hamaikabatek ez du hautagai talderik aurkeztu maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako, zerrenda osatzeko modurik ez baitute izan. "Ez agurrik" izenburupean, h1usurbil.net atarian alderdiak kaleratu duen idatzian adierazi dutenez, "hurrengo herri-hauteskundeetan extremoetatik urrundua izango den aukera politikoa ez da izango; ez du isla izango udaletxean".

Hauteskundeetarako zerrenda osatzerik izan ez duten arren, eskerrak eman nahi dizkiete gerturatu diren herritarrei. Esker hitzak dituzte baita, urteotan Hamaikabat edo bestelako marka elektoralaren izenpean lanean jardun duten kideentzat. Honatx Usurbilgo Hamaikabatek kaleratu duen idatzia, bere osotasunean:

Ez agurrik

Martxoaren amaieran, udal hauteskundeetara aurkezteko asmoz, zerrenda ireki, plurala eta gardentasunez herriko kudeaketan soilik arituko zena osatzeko gure baliabideak eskaini genizkien herritarrei. Herrigintza zinegotzi izaeratik lantzea interesa zutenei aukera zabaltzen genien.

Interesdunak gerturatu zaizkigu eta elkarrizketa aberasgarriak izan ere bai. Hala eta guztiz ere, helburu genuen zerrenda osatzea ez da posible izan eta hurrengo herri-hauteskundeetan extremoetatik urrundua izango den aukera politikoa ez da izango; ez du isla izango udaletxean.

Idatzi honen bidez eskerrak eman nahi dizkiegu hamarkadetan zehar, marka elektoral ezberdinen bidez, extremismo-eza, profesionaltasuna, esfortzua eta lana, herri konpromezua eta herriarekiko maitasuna, publikoki, hauteskunde zerrendetan joanez, alkate nahiz zinegotzi izanez, erakutsi dutenei.

Baita ere eskerrak eman nahi dizkiegu azken egunotan beren kezkak, beren nahiak, beren lehentasunak eta konpromezu maila adieraziz gerturatu zaizkigun guztiei.

Martxoko idatzian esaten genuen bezela, herrigintza era askotan gauzatu daiteke, eta badakigu Hamaikabat alderditik gertu sentitzen direnak herrigintzan jarraituko dutela, hurrengo lau urteetan ez zinegotzi bezala, baina bai herriko hainbat eta hainbat esparrutan.

Beraz, ez agurrik.