Sari potoloak, Sagardo Eguneko Gattunk Tonbolan

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 13a, 12:23

Bizikleta, errealeko baloi eta kamiseta sinatua, telebista, afariak, Pirritx, Porrotx eta Marimototxen opariak, koadroak, nekazal etxean asteburua... Opari mordoa irabazi dezakezue igande honetako Sagardo Egunean, Mikel Laboa plaza ondoan, Argilan parean kokatuko duten #Kilometroak15-en aldeko Gattunk Tonbolan parte hartzen duzuenok. Euro batean salgai izango diren boletoak erosi eta zorte on apur batekin, esku bete opari duzuela bueltatuko zarete etxera. Eta noski, urriaren 4an Usurbilen ospatuko den Udarregi Ikastolaren aldeko jaialdirako laguntza emanda.

Opariak, musika eta giro ezin hobeagoa aurkituko duzue Gattunk Tonbolan. Usurbilgo bi artista arituko dira girotze lanetan; Ana Urdangarin eta Larraitz Izagirre. Otsailean hasi zuten igandeko tonbolarako material bilketa arrakastatsua izan dela adierazi digute. Herriko komertzioak, Eguneko Zentroa, Gaztelekua... inplikatu dira elkartasun ekimen honetan. “Herriak oso ondo erantzun du. Eskerrak denei bihotz bihotzez”, antolatzaileen izenean.

Sagardo Egun osoz zabalik izango den Gattunk Tonbolara gerturatzera animatzen dute jendea. Eta adi, azken orduan, helduentzako tonbola ospatuko baita, opari bereziekin.

Laguntza behar dute

Gattunk Tonbola prestatu eta biltzeko, eta opariak garraiatzeko boluntarioak beharko dituzte antolatzaileek igandean. Laguntzeko prest direnek deitu dezatela 633 155 879 (Ana) telefono zenbakira. Zenbaki bera baliatu baita, tonbolarako opariak utzi nahi dituzuenok.

Tonbola

Eguna: maiatzak 17, igandea.

Ordutegia: 11:30-19:30. 18:00-19:00 artean, helduentzako tonbola berezia.

Tokia: Mikel Laboa plazan, Argilan saltoki parean.

Parte hartzeko: euro batean salgai izango diren boletoak erosi.

Hurrengo tonbolak...

Sagardo Egunekoaren ostean, Gattunk Tonbola edizio gehiago ospatuko dira hurrengo hilabeteetan. Adi, antolatzaileek, tonbolarako opariak behar dituzte. Eskuzabalik hartuko dute zuen edozein ekarpen. Material bilketak zabalik segitzen du.

Hurrengo Gattunk Tonbola egunak: Santixabeletan eta urriaren 4ko #Kilometroak egunean.

Materiala biltzeko epeak zabalik: bilketarako deitu 633 155 879 (Ana) telefono zenbakira.