Udal diru-laguntzen erabaki proposamena, alegazio epean

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 14a, 08:37

Maiatzaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ezagutzera eman zuen Usurbilgo Udalak, 2015eko udal diru-laguntzen inguruko erabaki proposamena. Kultura, kirola, ingurumena, nekazaritza eta gizarte zerbitzuetako diru-laguntza deialdietara aurkeztu diren eskaerei emandako erantzuna, eta banatuko dituen diru kopuruen informazioa. Diru-laguntza proposamenari iradokizunak egiteko maiatzaren 16ra arteko epea dago.

Honatx arloz arlo, udal diru-laguntza proposamenaren inguruko zehaztasun gehiago:

Kultura

Diru-poltsa potoloena. 22 diru-laguntza eskaera aurkeztu dituzte, besteak beste, San Praixku Guraso Elkaretak, Antxomolantxak, Dantza Taldeak, Einean Guraso Elkarteak, Etumeta AEK euskaltegiak, Ziortza Gazte Elkarteak, Kantu Taldeak, Irriu abesbatzak, NOAUA!k, Organoaren Lagunak, Bihurri Txiki ludotekak, Nafartarrek, Jexux Artze Kultur Elkarteak, Santuenea Kultur Elkarteak... Kultur egitasmoak 79.965,04 euroz laguntzea onartu du Udaleko diru-laguntzen batzorde orokorrak. Herriko talde eta elkarteek antolatu asmo dituzten ekintza bakoitzak jasoko duen laguntzaren zenbatekoa zehaztua dator, lotura honetan:  Kulturako udal diru-laguntzak

Kirola

12 taldek aurkeztu dituzte udal diru-laguntza eskaerak. Guztira 45.000 euro banatuko ditu Udalak, Tximeleta, Andatza MKT, Baxurde Txiki UTT, Buruntzazpi, Beterri Sub, Usurbil FT, Usurbil JC, Makax, Pagazpe, Usurbil KE, Zubieta Lantzen Txirrindularitza eta Zubieta PT taldeen artean. Zehaztasunak hemen: kirol arloko diru-laguntzak

Gizarte Zerbitzuak

15 elkarte aurkeztu dira deialdira. 11.598,18 euro jasoko dituzte onuradunek. Besteak beste, Atzegi, Pausoka Elkartea, Minbiziaren aurkako elkartea, AGIFES, Bikarte, Ortzadar edota ALCER elkarteek. Zehaztasun gehiago: gizarte-zerbitzuetako diru-laguntza deialdia

Aipatu beharra dago gainera, onuradun guztioz gain, herriko hainbat taldeei ere hitzarmen bidez diru-laguntza zuzenak ematen zaizkiela udal Ongizate Sailetik. "Aurten herriko 3 elkarteek aurkeztu dute diru laguntza eskaera: DYAk, Odol Emaileen Elkarteak eta Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Eskatutako 100% jasoko dute hitzartu bezala, denera 6.277 €", Udaletik  ohartarazi dutenez.

Nekazaritza

12 eskari bideratu dira. Norbanakoak dira kasu gehienetan, eta Alkartasuna Kooperatiba. 10.000 euroko laguntza banatuko du Udalak, nekazaritza azpiegiturak eta baliabideak hobetzera edota formaziora. Zehaztasunak lotura honetan: nekazaritzako udal-dirulaguntza deialdia

Ingurumena

7 eskari tramitatu dituzte norbanakoez gain, Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak edota Alkartasuna Kooperatibak. 6.085,75 euroko laguntza banatzea erabaki du Udalak. Zehaztasun gehiago hemen: https://ssl4.gipuzkoa.net/euskera/gao/2015/05/05/e1504070.htm