Nerabeak eta jaietako substantzien kontsumoa hizpide 18:00etan, Potxoeneko prebentzioaren mahai-inguruan

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 14a, 02:40

Jaiak, adin txikikoak eta substantzia ezberdinen kontsumoa. Ez da gaurko kezka. Errealitate horrekin elkarbizi gara, baina bada zer aldatu eta hobetua noski. Baita #Kilometroak15 ekimenean ere. Debekuak eragin handirik ez dutela izaten ikusita, bestelako lanketa garrantzitsu horretan murgildua dabil, urriaren 4an ospatuko den jaialdiko antolakuntza batzordeetako bat; guraso, udal teknikari, Ziortzako kideez edota osasun publikoko ordezkariez osaturiko prebentzio taldea. Erronka potolo bat dute esku artean; festa giroan ematen den alkoholaren edate neurrigabea saihestu eta kontsumo arduratsua sustatzea, adin txikikoen artean bereziki.

Duela bi urte, Tolosako Kilometroetan hasi, eta iaz Orion egin zuten lanketari jarraipena eman nahi zaio Usurbilen. Beti ere, udalerri honetako errealitate eta beharretara egokituta. Prebentzio taldeak udazkenetik darama gogor lanean. Aurreko urteetako Kilometroetako antolatzaileekin harremanetan jarri eta esperientziak biltzen aritu dira. Alor honetan egindako lanaren emaitzek bestelako jai eredua sustatzeko bide bat ireki dutela antzeman dute. Eginiko lanak eragina izan du. Eta Usurbilen bide horretan sakondu nahi du prebentzio taldeak.

Formazioa eta sentsibilizazioa, lan tresna nagusiak

Herritar eta eragileekin batera landu nahi duten gaia da hau. Horretarako antolatu dute prebentzio tailerra ostegun honetarako, maiatzaren 14rako. Ez bakarrik azalpenak entzuteko, baita bertaratzen diren herritar eta eragileen kezka eta esperientziak partekatzeko ere. Datozen hilabete hauetarako sentsibilizazio eta formazio saioak bideratuko dituzte ikasleekin, ostalariekin, baita urriaren 4ko jai egunerako antolatzen dabiltzan prebentzio ibiltaria ekimenean parte hartuko duten gazte bolondresekin. Aurreko edizioetako Kirol Erronka arrakastatsua ere antolatzen dabil beste herritar talde bat. Jaiak beste modu batean bizitzeko aukera eskaini nahi zaie gazteei.

Dekalogo bat ere osatu dute, urriaren 4rako; ostalari edota txosnetako kideentzako jarraibideen artean dira, alkoholik gabeko edarien kontsumoa sustatzea, adingabekoei edota intoxikazio zantzuak dituztenei alkoholik ez saltzea, edota drogen kontsumoen propagandarik ez egitea.

Argi diote, gai honek “herri osoaren konpromisoa eskatzen du”. Eta lanketa urte osoko ekimenetara zabaltzea. Prebentzio lana denon ardura denez, “ezin dugu beste aldera begiratu. Gaiari heldu behar zaio” diote prebentzio taldetik.

Hausnarketarako tartea, prebentzio tailerrean

Maiatzaren 14rako prebentzioaren inguruko mahai-ingurua antolatu dute 18:00etan Potxoenean. Izar Arregi, Lukene Lizaso eta Felix Zubia adituek parte hartuko dute. Izarrekin hitz egin dugu.

Zer helarazi nahi duzue hitzaldiaren bidez?

Lukene Lizaso: Lortu nahi genukeena gaurko aisia ereduaren inguruko eztabaida sortzea, asteburu eta jaietan gertatzen denaren inguruan hausnartzea da, batez ere nerabeek egiten dituzten kontsumoak oinarritzat hartuz.

Zergatik lan egin behar da prebentzioan?

Prebentzioa bezalako lan eremu bat oso surrealista dela esan daiteke, batez ere egindako lanak ez dituelako fruituak momentuan ematen. Informazioa ematea ongi dago, objektiboki emandako ideien inguruan hausnarketa pertsonal eta taldekoak egiteak bestearen ikuspuntu eta iritziak ezagutzeak, gaiaren inguruan egin daitekeen lanketa egoki edo egokituago bat egiten lagunduko baitigu. Gazteei gaia interesgarria egiten zaie, gertu ikusten baitute eta kuriositate handia izan ohi dute, askotan beraien iritzia entzuten ari zarela oso baliagarria izaten da, kontsumoen atzean askotan lotsa edota autoestima falta handia izaten baita.

Zer iruditzen zaizu #Kilometroak15 ekimenaren bueltan prebentzioaren alorrean herri hau egiten ari den lanketa?

Herri mailako inplikazioa ikustea oso interesgarria izan ohi da, herri kontzientziatua dela erakusten baitu. Herriko nerabeak heztea etxekoen ardura dela ikusi ohi da eskolaren laguntzarekin, baina herri mailan errealitate mota hauek lantzeak, herri hezitzaile bat izatera eramango luke, herritar guztien iritziak kontuan hartuaz.

Hitzaldia parte hartzailea izatea nahi duzue.

Gaiaren inguruan zer esana, iritzia edota kontzientziazioa duen oro etortzera gonbidatuko nuke. Jende mota ezberdinak elkartzeak iritzi eta eztabaida interesgarri asko ekar ditzazke. Gonbidapena herri osoari luzatu nahiko nioke.