Komun unibertsal berria garatuko du #Kilometroak15-ek, Aldundiarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 14a, 15:57

Urtebeteko epean, inklusibitate, parekidetasun eta jasangarritasun irizpideak aintzakotzat hartuko dituen komun unibertsal eredu berri bat diseinatu eta gauzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute goizean Donostiako Diputazioko egoitzan, #Kilometroak15 ekimenak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak.

"Hitzarmen horren bidez, hiru erakundeek, ezaugarri ezberdineko pertsonentzako komuna diseinatu eta garatuko dute. Parekidea, emakume zein gizonentzakoa, eta jasangarria, material biodegradagarri, berrerabilgarri edo birziklagarriekin eraikia. Azkenik, irisgarria, desgaitasunen bat duten pertsonak ere moldatzeko modukoa. Proiektua garatzeko, ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatuko dute, prototipoaren garatzea (12 hilabete), sentsibilizazio eta pedagogia soziala, esperimentazio praktikoa eta beharrezko diru iturriak eskuratzeko konpromisoa hartuz hiru erakundeok", proiektu honen sustatzaileen esanetan.

Aukera berdintasuna bermatzen du

Egitasmo interesgarri eta eredugarria izango dela diote: "Komun unibertsala aurrerapen garrantzitsua izango dela uste dugu, jaia erosoago egingo duena, hainbat herritarren ezaugarrietara egokituko dena, eta Kilometroak jaiaz gainera, bestelako kale ekitaldietarako ere eredu positibo bat ekarriko duena".

Hainbat onura ekarriko ditu komun unibertsal berriak. "Gaitasun ezberdinak izanagatik herritar guztion eskubide eta aukera berdintasuna bermatzen du. Zerbitzua ematen du, ingurumena errespetatzen du, ekonomia feministari ekarpena egiten dio hasieratik pentsamoldea eraldatuz, eta berritzailea eta aitzindaria da, gizarteak balore eta eskubide orokorrei erantzunez aurrera egin dezan laguntzen duelako", proiektua gauzatu nahi duten erakundeen esanetan.