Usurbil, igandeko Sagardo Egunerako prestatzen

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 15a, 14:56

2 egun eskas usurbildarren urteko festa egun maitatuena heltzeko. Itxuraldatzen hasia da Kaxkoa. Dema plaza eta frontoiko zutabe berdeak jarri dituzte jada. Oholtza ere bai. Sagardo usaina dario jada Kaxkoari. Baina Sagardo Eguna, ofizialki, igande goizeko 11:30etan hasiko da. Urtero moduan, irekiera ekitaldi bereziarekin. Nortzuk izango ote dute, sagardo festa hasteko ohorea? Gerturatu pilotalekura igande goizean:

Maiatzak 17, igandea: XXXIV. Sagardo Eguna

11:30 Irekiera ekitaldia frontoian.

Goizean zehar, baserriko, labeldun eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardoa dastatzeko aukera. Honez gain, pintxo aukera zabala.

Arratsaldean zehar, “Elektro Patxaranga” kaleetan zehar.

Erdigunea ibilgailuentzat itxita

Adi. Urtero moduan, zenbait kale itxita izango dira autoentzat maiatzaren 17ko Sagardo Egunean. Donostia aldetik N-634 errepidetik Usurbilerako Oxtapeko sarbidea goizeko 10:00ak aldera, egun osorako itxiko du ibilgailuentzat Udaltzaingoak. Honenbestez, Donostitik datorren Lurraldebus zerbitzuko autobusak ez dira Kale Nagusitik sartuko, Atxegalde parean geratuko dira. Donostia alderako autobusa hartu behar baduzue, San Inazioko errotonda ondoko ohiko geltokian geratuko da. Kaxkoan ere, urtero moduan, Mikel Laboa plaza inguruko kaleak autoen joan etorrirako itxita aurkituko dituzue Sagardo Egunean. Festa eremua oinezkoena izango da, urtero moduan.

Lainotuta

Iazko Sagardo Egun eguzkitsua ez da errepikatuko ziurrenik aurten. Baina ez da euri kontu handirik espero ezta, iganderako. Hala dio Euskalmet-en iragarpenak, maiatzaren 17rako: "Igandean hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira; kostaldean hodei gehiago pilatuko da eta hegoaldean ostarte gehiago zabalduko dira. Ipar isurialdean noizean behin euri pixka bat egin dezake, bereziki goizean. Iparraldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin kostaldean. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".

30etik gora postu

Baserrikoa, bertakoa, labelduna, Sagardogile Elkartekoa... 30etik gora sagardo postuetan barrena osteratxoa egiteko aukera eskainiko digu igandean ospatuko den XXXIV. Sagardo Egunak. Frontoia, Dema eta Askatasuna plazak sagardo postuz eta sagardo zaletuez beteko dira. Jarraian dituzue dastatu ahal izango dituzuen sagardo etxeak.

Gogoan izan, edaria zerbitzatzeko herritarren laguntza ezinbestekoa izan ohi dela urtero. Sagardo Eguneko antolatzaileek edizio honetan ere eskertuko dute noski, boluntarioen babesa. Igande goizeko lehen orduan, frontoian bilduko dira urtero moduan, prestaketa lanetarako.

Baserrietako sagardoa

Agerreazpi

Aizperro

Kupela-Anburu

Gorosti

Leitzarran

Petritza

Kupel-txiki

Usurbil, Aginaga, Zubieta

Aginaga

Aialde-Berri

Arratzain

Astiazaran

Saizar (labelduna eta normala)

Urdaira

Aduna

Aburuza (labelduna)

Aia

Izeta (labelduna eta normala)

Satxota (labelduna eta normala)

Astigarraga

Artola

Astarbe (labelduna eta normala)

Bereziartua (labelduna eta normala)

Lizeaga (labelduna eta normala)

Mendizabal

Petritegi (labelduna)

Sarasola

Azpeitia

Añota (labelduna)

Hernani

Alberro

Goiko Lastola

Iparragirre (labelduna)

Otsua-enea

Rufino

Igeldo

Calonge (labelduna)

Lasarte

Otegi

Urnieta

Elutxeta

Oianume

Zerain

Oiharte